Euskal gazteentzako alokairurako laguntzak hobetu dira

Gaztelagun programak eskatzaileen urteko diru-sarrera gordinak igo, laguntzak jasotzeko gehieneko urte kopurua ezabatu eta laguntzak eskatzeko gehieneko adina igoko du

2019. urtean Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako Sailak gazteen emantzipazioa sustatzeko Gaztelagun programa jarri zuen martxan. Programa horren bidez, gazteei alokairua ordaintzen laguntzen zaie. Abian jarri zenetik 4.000 gazte inguru baliatu dira laguntza horretaz. Programaren aurrekontua 7,6 milioikoa izango da.

Aurten, gazte gehiagori lagundu ahal izateko, laguntzak eskatzeko baldintzak zabalduko dira. Datorren maiatzaren 6an indarrean sartuko diren aldaketei esker gazte gehiagok izango dute Gaztelagun laguntzak eskatzeko aukera.

Aldaketak

Lehen aldaketa garrantzitsua eskatzaileen diru-sarreren ingurukoa da. Banakako eskatzaileen kasuan urteko gehieneko diru-sarrera gordinen langa 18.000 eurotik 24.000 euroraino igoko da. Familien kasuan langa hori 24.000 eurotik 30.000 euroraino igoko da eta familia ugarien kasuan 28.000 eurotik 32.000 euroraino.

Laguntzak eskatzeko gehieneko adina 36 urtekoa izango da eta laguntzak nahi adina urtez eskatu ahal izango dira, betiere, bestelako baldintza guztiak betetzen badira.

Laguntzaren hileroko gehieneko zenbatekoa ere igoko da: aurreko 250 eurotik 275 eurora igoko da. Neurri hori jada indarrean da urtarriletik, ekitaldi honetarako Euskadiko Aurrekontu Orokorren Legean sartu delako.

Jaso ahal izango den gehieneko kopurua errentaren % 50etik % 60ra igoko da.

Laguntza eskatzeko nahikoa izango da etenik gabe EAEko udalerriren batean azken sei hilabetetan erroldatuta egotea eta ez urtebete orain arte bezala. Neurri honek mesede egin nahi die lan edo ikasketa kontuengatik mugikortasunaren aldeko apustua egiten duten gazteei.

Azkenik, hiru hiriburuetan onartuko den hasierako gehieneko errentaren zenbatekoa ere igo da. Bilbon, Donostian eta Gasteizen hasierako gehieneko errenta 775 eurotik 800 eurora pasatuko da. Bilboko eta Donostiako metropolialdeetako udalerrietan eta 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan zenbateko hori 750 eurotan mantenduko da eta bestelako udalerrietan 675 eurotan.

Gaztelagun laguntza eskatzeko beharrezkoa da 18 eta 35 urte bitartean izatea, laguntza eskatu aurreko sei hilabeteetan Euskadin jarraian erroldatuta egotea, etxebizitza baten jabe ez izatea, etxebizitza librea alokatzeko kontratua sinatu izana, errenta transferentzia bidez ordaintzea eta alokatzen zaion pertsonarekin familia-harremanik ez izatea.

Gaztelagun laguntza ez da bateragarria ASAP edo Bizigune bezalako laguntzekin edo etxebizitza babestuen alokairuen ordainketarekin.

Gaur egun 2.694 gaztek jasotzen dute Gaztelagun laguntza: 511 Araban, 1.379 Bizkaian eta 804 Gipuzkoan.

Gaztelagun programarako laguntzak aurrez aurre eska daitezke Zuzenean zerbitzuan, online www.euskadi.eus webgunean edo Alokabideren webgunean.