Gipuzkoako gazte kooperanteentzako beka-deialdia

Kooperante gazte bakoitzak, gehienez, 2.000 euroko jaso ahal izango ditu gehienez hiru hilabeteko iraupena duten egitasmoetarako.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, gazteria eta Kirol Departamentuak Gipuzkoako gazte kooperanteei zuzendutako beka-deialdia zabaldu du. Laguntza eskatzeko epea ekainaren 24an amaituko da eta eskaerak Internet bidez egin beharko dira.

Kooperante gazte bakoitzak, gehienez, 2.000 euroko jaso ahal izango ditu gehienez hiru hilabeteko iraupena duten egitasmoetarako. Guztira, Aldundiak 20.000 euro bideratuko ditu GKE batekin bidaiatu eta boluntario-lanak egin nahi dituzten 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako beka hauetara.

Izan ere, aipatu beka-deialdi honen xede nagusia da gazteak errealitate ezberdinen zuzeneko ezagutzaren bidez elkartasun baloreetan hezitzea. Antolatzaileek azaldu dutenez, “beste testuinguru kultural, sozial eta ekonomiko batzuetan bizitako esperientziei esker, parte-hartzaileek solidaritate-balioak sendotu eta garatu ahal izango dituzte”.

Bekak eskaintzen duen laguntza honako gastu hauek ordaintzeko erabili ahal izango dira: Joan-etorriko gastuak, Gipuzkoako jatorrizko lekutik azken helmugara eta buelta; bisa-gastuak; gaixotasun- eta istripu-aseguruaren poliza-gastuak; eta, komunikazio-gastuak, gehienez, 150 eurora arte. Beka eskatu ahal izango dute Gipuzkoan bizi diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteek. Argibide gehiagorako: lankidetza@gipuzkoa.eus