Europako gazteak dira COVID-19aren inpaktu ekonomikoak gehien kaltetu dituenak

Gazteek zailtasun handiak izaten jarraitzen dute lana bilatzeko edo beren gaitasunei eta esperientziari egokitzen zaien lana aurkitzeko

Europako gazteek pairatu dute bereziki Covid-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz izan den enpleguaren galera. Gainera, errekuperazioa askoz motelagoa izaten ari da gazteentzat beste adin-tarte batzuekin alderatuta.

Hori da, hain zuzen ere, Europako Batzordeak argitaratzen duen Europako gizarte- eta enplegu-bilakaerari buruzko urteko azterlanaren (ESDE) 2022. urteko edizioak jasotzen duen ondoriorik esanguratsuena. Txostenean jasotzen denez, ondorioak gazteengan larriagoak izateko arrazoiek honako bi alderdi hauekin izan dezakete harremana: iraupen mugatuko kontratuen ehuneko handia eta ikastetxea, unibertsitatea edo prestakuntza amaitu ondoren lehen enplegua aurkitzeko zailtasuna.

Txosten berriak lagundu egiten du gazteek ekonomikoki independenteak izateko dituzten erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren gizarte- eta enplegu-politikak zehazten eta babesten, Errusiak Ukraina inbaditu duenetik egoera sozioekonomikoak okerrera egin baitu.

Urteroko datuetan oinarritzen den ESDE txostenak egiaztatu ahal izan duenez, Covid-19aren pandemiaren errekuperazioa ez da modu homogeneoan ematen ari. Horrela, txostenean jasotako datuen arabera, 30 urtetik beherako gazteek lana bilatzeko edo beren gaitasunei eta esperientziari egokitzen zaien lana aurkitzeko zailtasun handiak izaten jarraitzen dute. 2021. urtean gazteen langabezia-tasak behera egin zuen, bereziki, urtearen amaieran, baina, hala ere, krisiaren aurreko, hots, 2019. urteko, balioa baino puntu bat handiagoa izan zen. Lanean ari ziren gazteen artean, ia erdiak (% 45,9) aldi baterako kontratua zuen; langileria osoaren kasuan, berriz, horrelako kontratua dutenen kopurua % 10,2 baino ez da.

Halaber, azterlanak adierazten du gazteek, batez beste, aukera gehiago dituztela gizarte- eta finantza-egoera zailean egoteko. Pandemia aurretik jada, gazteek lanaren truke jasotzen zituzten diru-sarrerak aldakorragoak ziren langile helduagoen sarrerekin alderatuta. Gazteak buru zituzten etxeetan pobrezia handiagoa izan zen, baina puntu horretan EBko herrialdeen artean alde nabarmenak izan zirela azpimarratu behar da. Gazteek zailtasunak izan zituzten eguneroko gastuei aurre egiteko, hala nola fakturak eta alokairuak. Etorkizunera begira, gazteen % 61ek hurrengo hamarkadan etxe egoki bat aurkitzeko edo mantentzeko kezka azaldu du.

Desparekotasunerako aldagaiak

Txostenak azaltzen duenez, gazteek izango dituzten erronkak beren hezkuntza-mailaren eta testuinguru sozioekonomikoaren araberakoak izango dira. Adibidez, bigarren hezkuntzako ikasketak dituzten gazteek langabezian, ikasi gabe edo formakuntzarik jaso gabe egoteko duten probabilitatea hezkuntza-maila baxuagoa duten gazteena baino 19 puntu baxuagoa da. Hezkuntza maila altuagoa duten gazteen artean, aldiz, egoera horietan aurkitzeko probabilitatea 28 puntu baxuagoa da. Inguru baztertuetan jatorria duten gazteek lana aurkitzeko, ikasteko edo formakuntza jasotzeko askoz aukera gutxiago dituzte.

Sexua gazteen artean desparekotasuna eragiten duen beste aldagai bat da. EBko emakume gazteek, batez beste, gizon gazteek baino % 7,2 gutxiago irabazten dute beren ibilbidearen hasieran. Tarte hori adinarekin areagotzen da. Alde horren proportzio txiki bat baino (% 0,5) ez da emakumeen hezkuntza-lorpenen, hautaketa profesionalaren, lan-esperientziaren edo lan-kontratu motaren ondorioa.