Xtraclubek aisialdirako 37 jarduera eskainiko ditu

12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako programan izena emateko epea datorren irailaren 13an zabalduko da.

Ikasturte berriaren hasierarekin batera bueltan da Xtraclub programa Gasteizera. Datorren irailaren 13an zabalduko da udazkenerako eta negurako programatutako jardueretan izena emateko epea. Guztira, 37 aisialdi jarduera izango dira eta horien barruan tailerrak, ikastaroak, abentura irteerak, erakusketak eta bidaia kulturalak izango dira nagusi. Programak 722 plaza eskainiko ditu eta gazte bakoitzak, gehienez, 3 jardueratan eman ahal izango du izena. Irailaren 20rako plaza guztiak beteta ez badaude hiru jardueratan baino gehiagotan izena emateko aukera zabalduko da.

Xtraclubeko programazioaren bidez, Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren xedea da 12 eta 18 urte bitarteko gazteei aisialdiko eskaintza bat eskaintzea asteburuetan eta egunez, aisialdi positiboa bultzatzeko eta arrisku-jokaeren prebentzioan laguntzeko. Aisia ludikoa, hezitzailea eta osasungarria eskaintzen da, sozializaziorako eta gazteen topaketarako guneak ahalbidetuz.

Eskaintza

Denboraldi berrirako programatutako jardueren artean hiri-dantza, K-Pop, ‘parkour’, lineako patinaje artistikoa eta komiki ikastaroak mantentzen dira. Berrikuntza nagusietako bat ‘Egizu artileaz nahi duzuna’ ikastaroa izango da. Gainera, 14 lantegi egingo dira gizarte-etxeetan, askotariko gaiez eta material mota ugari baliatuz.

Abentura jardueren artean, gazteek honako jardueren artean aukeratu ahal izango dute: surfa, zuhaitz zirkuituak, mendi ibilerak eta bizikletaz ibiltzeko bide berdeak. Horrez gain, gazteek Gasteiztik ateratzeko aukera ere izango dute antolatu diren bidaia kulturalei esker: Donostia, Santander

Gasteizen bertan ere zenbait irteera antolatu dira: ‘karting’, izotz pista, puzgarrien ginkana,… eta 15 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako ‘Saharako sekretua’ ihes-gela.

Xtraclub programan izena eman ahal izateko ezinbestekoa da Herritarren Udal Txartela indarrean izatea. Txartela ez duten horiek doan lor dezakete Herritarren Arretarako Bulegoetan. Udalaren kirol instalazioetako bazkideek % 40ko deskontua izango dute jardueren prezioan.