Gazte zaurgarrien lan txertaketa laguntzeko biribiltzea

“5 moments” kafetegietan bere kontuak biribiltzen dituzten horiek, zuzenean, zaurgarritasun egoeran diren 200 gazteren lan txertaketa lagunduko dute.

Gasteizko Santiago eta Txagorritxu ospitaletako sukaldaritza zerbitzuak kudeatzen dituen Arcasa enpresak “Gazteen formakuntzarako eta lan txertaketarako ikasgela digitalak” proiektua finantzatzeko biribiltze solidarioko kanpaina bat jarri du martxan.

Kanpainaren baitan, Santiago eta Txagorritxu ospitaletan diren “5 moments” kafetegietan bere kontuak biribiltzen dituzten horiek, zuzenean, Arabako Adsis Fundazioak laguntzen dituen eta zaurgarritasun egoeran diren 200 gazteren lan txertaketa lagunduko dute. Biribiltze solidario kanpainetan bezeroek bere erosketaren azken zenbatekoa biribiltzeko aukera dute eta zentimo horiek proiektu sozial batera bideratu ahal dituzte, betiere, kreditu txartelarekin ordaintzen badute.

Zaurgarritasun egoeran diren gazteak

Egitasmoan Gasteizko Oinarrizko Lanbide Heziketako Adsis Zentroan ikasten ari diren gazteek parte hartuko dute. Zentroak E2O (Bigarren Aukerarako Ikastetxea) ziurtagiria du.

Derrigorrezko ikasketak amaitu ez dituzten 25 urtetik beherako gazteak dira. Ez dute enplegu bat lortzeko beharrezkoa den gutxieneko formakuntzarik eta, zaurgarritasun eta arrisku egoeran daudenez, teknologia berrien sarbiderako arazoak dituzte.

Biribiltze Solidarioa kanpaina zuzenean jarrai daiteke Worldcoo webgunearen bidez.