Euskal Herrian bizikletaren erabilera sustatzeko egitasmoa

Bizi-Connect egitasmoak Euskadik, Nafarroak eta Akitania Berriak osatzen duten euroeskualdean (NAEN) bizi diren herritarrak garraiobide jasangarri gisa bizikleta erabiltzearen inguruan kontzientziatzeko jarduera-programa bat garatuko du

2023 bitartean Euskal Herri osoa bere baitan hartzen duen euroeskualdeak Bizi-Connect izeneko egitasmoa garatuko du bizikletaren erabilera sustatzeko. Aipatu egitasmoaren xede nagusia da Akitania Berrian, Euskadin eta Nafarroan bizi diren herritarrak garraiobide jasangarri gisa bizikleta erabiltzearen inguruan kontzientziatzea. Horretarako, hainbat jarduera burutuko dira: hitzaldiak, ibilbideak ezagutzeko irteerak, bizikletak konpontzeko beharrezkoak diren gutxieneko ezagutzak bereganatzeko tailerrak…

Lurralde bakoitzak erakunde arduradun bat izango du egitasmoa garatzeko. Nafarroaren kasuan, ardura hori Nasuvinsak izango du. Euskal Autonomia Erkidegoan berriz, Bidasoako eskualdean bizikletaren erabilera sustatzea helburu duen Balazta (Bidasoako Bizikletaren Aldeko Elkartea) izango da erakunde arduraduna. Akitania Berrian (Iparralde), berriz, ekonomia soziala sustatzen duen Recycl’Arte elkarteak gidatuko du egitasmoa.

Egitasmoan aurreikusten den jardueretako bat Bidasoako Bide Berdearen erabileraren azterketa da. Horren bidez, ‘Tren txikito’ izenarekin ezagutzen den eta Behobia eta Oieregi elkartzen dituen bidea erabiltzaileen beharretara egokitu nahi da. Ildo berean, euroeskualdean antzeko bideak eraikitzeko metodologia aztertuko da. Izan ere, horrelako bideak funtsezko ardatz bihurtu dira landa-eremuetan lurralde-garapen iraunkorra sustatzeko.