Nafar Lansarek enplegurako tailerrak antolatu ditu

Ikaskuntza eta prestakuntza lan produktibo batekin uztartuz langabeen laneratzea sustatzea helburu duten ikastaro horietarako 300 plaza eskainiko dira

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (SNE-NL) izena emateko epea ireki du prestakuntzarako eta enplegurako 22 tailer berrietarako. Guztira ia 300 plaza daude eta 2,8 milioi euroko inbertsioa egin da. Prestakuntza- eta enplegu-tailerrak bete beharreko lanerako egokia den gaitasun teknikoei buruzko prestakuntza eskaintzen duten programak dira eta, gainera, zenbait kasutan, profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzera bideratuta egon daitezke. Programa horiek 6 edo 7 hilabeteko iraupena izango dute eta hiruhileko honetan zehar hasiko dira. Helburua langabeen laneratzea sustatzea da, ikaskuntza eta prestakuntza lan produktibo batekin uztartuz.

Ikastaroak

Proiektu osoan, ikas-ekinezko prestakuntza-kontratu bat sinatuko da ikasle langileekin, aurreikusitako gizarte-ekintza edo lana egiteko. Kontratu horren bidez, dagozkien soldatak jasoko dituzte. Eskaintza Foru Erkidego osora zabalduko da. Iruñean, adibidez, honako ikastaro hauek burutuko dira: inkubagailu gastronomikoa, merkataritza eta pertsonei arreta soziosanitarioa etxean ematea. Horrez gain, lorezaintza-tailerrak izango dira Cabanillasen, Andosillan, Vianan, Arroizen edo Milagron, baita pintura- eta igeltserotza-tailerrak ere Mendabian edo Vianan. Arreta soziosanitarioa ere aukera bat izango da Fiteron, Cintruénigon, Garesen eta Corellan. Burlatan udal instalazioetako eta hiri-altzarietako saneamendu eta pintura tailerra egingo da.

Proposamena hainbat zerbitzurekin osatuko da Fiteron eta Cintruenigon. Abartzuzan baso-lanak egingo dira eta mantentze-lanak Doneztebeko udal-brigadetan.

Ekimena Nafar Lansareko enplegu-agentzietan eskatzaile gisa izena emanda dauden langabetuentzat da. Enplegua Bideratzeko Zerbitzuek eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek bideratuko dituzte, baina Enpleguaren webgunean ere eman daiteke izena, edo agentzietan hitzordua eskatuta.

Programa horietan, halaber, ingurumenari buruzko sentsibilizazioari, genero-berdintasunari, laneko arriskuen prebentzioari eta lana aktiboki bilatzeko teknikei buruzko prestakuntza osagarria ere sartuko da. Proiektuak benetako lan praktikoarekin osatuko dira, eta lan horiek guztiek bermatu beharko dute bertan parte hartzen duten pertsona ebaluagarri guztien laneratzea.