15-29 urte bitarteko gazteak EAEko biztanleria osoaren % 14,2 dira

Euskadin, 64 urtetik gorako 100 pertsonekiko 61,3 gazte daude

Gazteek pisu gutxi dute Euskadiko biztanleria osoan, biztanleria osoaren %14,2 baino ez baitira. 2022. urteko urtarrilaren 1eko datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan  2.186.517 pertsona bizi ziren eta horietatik guztietatik, 15 eta 29 urte bitartekoak (1992 eta 2006 bitartean jaiotakoak) 310.433 baino ez ziren. 64 urtetik gora duten biztanleak, berriz, 506.596 dira.

EAEko gazteriak beherakada jarraitua izan zuen 2010etik 2016ra bitartean; urte horretan, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen kopururik txikiena erregistratu zen (283.517). 2016. urteaz geroztik Euskadin bizi diren gazteen kopuruak gora egin du 310.433ra iritsiz. Gizon eta emakume gazteen kopuruak oso antzekoak dira: 159.433 eta 151.100, hurrenez hurren.

Biztanleria gaztea eta 64 urtetik gorakoa aintzat hartuta, azpimarratzekoa da Euskadin, 64 urtetik gorako 100 pertsonekiko 61,3 gazte daudela. Kopuru hori etengabe jaitsi da azken urteetan, 2012ko 71,5etik egungo 61,3ra pasatuz.

Bizi-itxaropena

Gizonen eta emakumeen bizi-itxaropenetan dauden aldeak eta 64 urtetik gorakoen artean sexuaren arabera dagoen proportzioak (215.969 gizon eta 290.627 emakume) alde handia eragiten du 64 urtetik gorakoen eta gazteen artean, sexuaren arabera.

Gizonen artean, 64 urtetik gorako 100 gizoneko 73,8 gizon gazte daude; emakumeen artean, berriz, nabarmen txikiagoa da, 64 urtetik gorako 100 emakumeko 52,0 emakume gazte baitaude.