Idai eta Kenneth

Kasu honetan ez gara bi pertsonen izenez ari. Zoritxarrez. Azken bi hamarkadetan Afrika hegoaldea kaltetu duen hondamendirik latzena izan da Idai zikloi tropikala. Malawi, Madagaskar eta, batez ere, Zinbabwe eta Mozambike herrialdeak kaltetu zituen martxoa erdialdetik aurrera; 1,7 milioi pertsona arriskuan, berauetatik ia erdia umeak. Hondamendi natural hau gainditzen ari zirenean, oraindik kalteei zenbakiak jarriz, sei aste baino gutxiagoan, bigarren zikloi batek jo zuen Mozambike: Kenneth zikloiak. Hilabete kaskarrak bertako gizartearentzat. Idai eta Kenneth. Kenneth eta Idai. Uholdeak, lur mugimenduak, ibaiak gainezka, ur iturri kutsatuak, familia asko arriskuan… Larrialdizko erantzuna berehala martxan jarri zuen UNICEFek kasu bietan. Lehenagotik herrialdean presentzia izanik, hondamendi naturalei aurre egitea errazagoa gerta liteke, baina hain denbora gutxian bi zikloik kolpatzea ez da berehala konpontzen den larrialdia. Epe erdi eta luzera izango dituen ondorioak ikusi beharko.

Oraindik ere kalte errealak zeintzuk diren jakitea ere zaila egiten da. Arrisku handiena uraren bitartez erraz hedatu daitezkeen gaixotasunak dira: kolera, malaria, beheranzkoa, esaterako, haurren desnutrizio arriskua ere areagotuz. Eskoletako gelak behin-behineko etxebizitza bilakatu dira Mozambikeko gizartearentzat, jende larregi pilatuz oso toki txikietan eta hezkuntza sistema kolokan jarriz. Haur asko guraso edo senide gabe gelditu dira, hil egin direlako, baita kaos egoeran banatuta, galduta daudelako ere. Umeek biolentzia eta abusuak jasateko arriskua areagotu egin da herrialdean, batik bat neskatoez ari garenean. Ospitale asko kaltetu egin dira, bertako osasun sistema arriskuan jarriz. UNICEFek bertan zuen oinarrizko laguntza elementudun biltegi bat ere desagertu da zikloien ondorioz. Egoera honek guztiak Mozambikeko haurrengan eragin duen traumak ere kezkatzen gaitu. Epe motzera ez ezezik, datozen urteotan izan ditzakeen eraginak. 

Ura eta saneamendua. Nutrizioa. Osasuna. Hezkuntza. Babesa. Horiek UNICEFek larrialdi egoera bat gertatzen denean martxan jartzen dituen lan-arloak. Kasu honetan ere horrela izan da. Familientzako higiene kit-ak, xaboia, ur edangarria mantentzeko biltegiak edo ur kutsatua edangarri bihurtzeko behar diren pastillak, desnutrizio larriari aurre egiteko tratamenduak, batez ere 5 urtetik beherako umeengan, koleraren aurkako sendagaiak, behin-behineko ospitaleak sortzeko materiala, malaria ekiditeko eltxo sareak, behin-behineko eskolak sortzeko dendak, hezkuntza materiala, haurdun dauden emakumeei zuzendutako programa bereziak… UNICEF gehien kezkatzen duen gaietariko bat da bakarrik dauden umeak; horregatik, gure lehentasuna izanik, euren senideekin bateratzeko sistemak martxan jarri dira Mozambike, Malawi eta Zinbabwen, toki seguruak ezarriz eta laguntza psikosoziala eskainiz. Bi zikloien ondoriozko larrialdiak izandako inpaktuaren adibide garbia dira UNICEFek aste bakarrean jarri dituen 1.350.000 txertoak. Izan ere, osasun arloko taldeak egiten ari diren esfortzuek edozein oztopo gainditu dituzte.

Hala ere, denbora asko behar izango da Idai eta Kenneth zikloiek eragindako kalteei aurre egin eta berreraikitze prozesuek emaitza positiboak emateko.

UNICEF Euskal Herriko Batzordea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.