Zigarro-muturrek plastikoa baino gehiago kutsatzen dute

Ocean Conservancy erakundeak ezagutzera eman duen txosten baten arabera, zigarro-muturrak dira, elikagai-bilgarrien, eta plastiko botilen eta poltsen aurretik, ozeanoetan den hondakin iturri nagusia.

Mundu osoan, urtero erretzen diren 6 bilioi zigarroetatik, 4,5 bilioi inguruk espazio publikoan botata amaitzen dute. Zigarro-muturrak munduan den hondakin guztiaren % 13 dira. Bere arintasuna dela eta, milaka kilometrotara aurki daitezke eta, ondorioz, hainbat ekosistema kutsatzeko gai dira. Zigarro-mutur gehienek ozeanoetan amaitzen dute haizea, euria eta estoldak direla eta. Batez beste, zigarro-mutur baten ‘bizitza’ 7 eta 12 urte bitartekoa da, baina, zenbait kasutan, 25 urtetara ere irits daitezke. 

Ocean Conservancy erakundeak 60 milioi zigarro-mutur baino gehiago jaso ditu azken 30 urtetan. Esan bezala, gaur egun itsasoan den zigarro-muturren kopurua beste edozein zabor motarena baino handiagoa da. Kopurua ez ezik, zigarro-muturrak oso kutsagarriak dira barruan metatzen dituzten toxinengatik. Arrainek toxina horiek kontsumitu eta azkenean gure gorputzetan amai dezakete.

Zigarro-muturren osagai nagusia azetato zelulosa da. Business Insideren argitaratu berri den erreportaje baten arabera, zigarro-muturren abarrak elikagaietan amai dezakete. Izan ere, zigarroaren iragazkia deskonposatzen hasten denean, kean ziren kutsagarri guztiak askatzen hasten dira. Horien artean, adibidez, nikotina, artsenikoa edo beruna aurki daitezke. Osagai horiek guztiak itsasoko animaliek irensten dituzte eta, hainbat kasutan, gure janarian amaitzen dira.

Orokortuta dagoen arazo horri irtenbidea emateko bide bakarra araudi berezi baten ezarpena da. Adituen ustez, egun plastikozko poltsei edo botilei ezartzen zaien antzeko araudi bat ezarri beharko genieke zigarro-muturrei ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.