Emakumeak behar dira politikan eta bertan egon behar dugu borrokan

Politikaria esaten dugunean zer datorkizue burura? Trajeduna, gizona eta zuria bururatzen zaigu normalean. Politikan, boteredunak, erabakiak hartzen dituztenak eta aurpegia ematen dutenak gizonak izan dira eta pena bada ere, izaten jarraitzen dute. Emakumeak beranduago sartu dira mundu maskulino horretan. Gainera, sartzeko era bortitza izan ohi da espazioa bera ez dagoelako prest emakumeen papera barneratzeko eta horren parte izaten uzteko. 

Jakin badakigu politika ez dela maskulinoa den espazio bakarra. Horixe ikusi dugu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gazte eragile desberdinek zein Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) antolaturiko zenbait hitzaldi, topaketa eta dinamiketan: gizartean gertatu ohi den moduan, parte-hartzea orokorrean maskulinoa da. Hori dela-eta 2018an hainbat emakume elkartu ginen Plazandre ekitaldian, Euskadiko emakume gazteek espazio publikoetan duten parte-hartzearen gaineko hausnarketa sakona egiteko.

Bertan hainbat gai jorratu genituen, hainbat esperientzia azaleratu ziren, besteak beste politikaren errealitatea islatzen zuten asko. Ondorio horiek bultzatu gintuzten pasa den azaroaren 13an estuki lotuta zegoen beste espazio bat eraikitzeko ideiara. Proiektu berri honekin, #Hitzartzen: Emakume politikariak hitza hartzen, mugimendu feministaren aldarrikapenek instituzioetan izan duten sarrera eta gerora sortu diren berdintasun politikak aztertu nahi izan ditugu. Izan al dute eraginik politika publikoetan?

Ekitaldiaren lehen zatian Eusko Legebiltzarreko bost taldeetako politikariekin mahai-ingurua antolatu genuen. Maitane Ipiñazarek (EAJ), Oihana Etxebarrietak (EH Bildu), Eukene Aranak (Elkarrekin Podemos), Natalia Rojok (PSE-EE) eta Juana de Bengoetxeak (PP) politikari bezala haien bizipenetatik hitz egin ziguten berdintasun politiken gaineko hausnarketa egiteko. Ostean, ekitaldiko bigarren zatian, bertaratu ziren gazteei zein eztabaida streaming bidez ikusten ari zirenei galderak helarazteko aukera eman zitzaien.

Oso espazio aberasgarria izan zen komuneko puntuak identifikatzeko. Izan ere, ikuspegi politiko ezberdineko emakumeak elkartu ziren eta aniztasun horretatik aukera egon zen zenbait puntutan adostasunetara heltzeko. Eta, besteetan, adostasunera heldu ez bazen ere errespetua nagusitu zen. Parte-hartze eredu feministago bat nabarmendu zen.

Argi geratu zen, hala ere, edozein esparrutan emakumea izateak zailtasun asko dakarrela oraindik ere eta horrek egunerokoan eragina duela. #Hitzartzen mahai-inguruko legebiltzarkideek argi adierazi zituzten bizitako zailtasunak, oztopoak, paternalismoak eta honelako jokabideek emakumeak nola hesitzen gaituzten. Ildo horretatik, ia txanda orotan nabarmendu zen emozio eta enpatiari zein garrantzia gutxi ematen diegun. Errespetua bermatzeko rol maskulinoak hartu behar dituztela aipatu zuten, batez ere eztabaidetan hitza hartzea tokatzen zitzaienean. Orokorrean politikariek duten jokabidea dela-eta, egoerara egokitzera behartuta daudela beste behin ere. 

Hasierako puntura itzuliz, nabarmena da parte-hartze espazioak orokorrean maskulinoak direla eta emakumeak kanpotik etorritakoak bezala sentitzen gara, bertara egokitu behar garela. Espazio horiek aldatzeko aukera izango dugu? Honelakoak botatzen direnean segituan erantzuten da baietz. Bada garaia aldaketak sumatzeko, aldaketa errealak. Asmotik haratago doazenak, neurri zehatzen txanda da. Gero eta emakume gehiago daude politikan, baina gutxi dira oraindik erabakitzeko karguetan daudenak. Lortu ahalko dugu honetan ere aldaketarik egotea? Helduko ote da uneren bat berdintasun erreala oinarri izango duen gizartea?

Honekiko baikorra izan nahi dut, martxoaren 8an hainbat emakume kalera atera ginelako. Gero eta kontzientzia handiagoa dagoela sinetsi nahi dut, baina aldaketak oso motel doaz eta ez ditut bidetik indarrak galdu nahi. Bide honetara mutil gazteak batzera animatu nahi ditut, aipatutakoaz barne hausnarketa egitera denon artean osotasuneko aldaketa lortzeko. Legebiltzarkideek esan bezala, “emakumeak behar dira politikan” eta bertan egon behar gara borrokan. 

Maialen Olabe
EGKko presidentea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.