Euskarabideak euskara hiztun berrien artean sustatzeko kanpaina jarri du abian
© Shutterstock.com

Euskarabideak familiei euskararen ikaskuntzaren eta erabileraren balio positiboa helaraztea helburu duen kanpaina berria jarri du martxan. Kanpaina berriaren leloa “Euskararekin, gora eta gora beti!” da eta Euskararen Plan Estrategikoaren barruan garatzen da. Aipatu Plan Estrategiko horretako ardatzetako bat hezkuntza-sisteman, haur-eskoletatik unibertsitate-irakaskuntzara, euskara irakastearen bidez sartzen diren hiztun berriei lotuta dago.

Kanpainaren aurkezpen-ekitaldian Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok azaldu duenez, Nafarroako Estatistika Erakundearen inkesta baten arabera, 30 urtetik beherako lau gaztetik bat euskalduna da. Gainera, inkesta horren arabera, Nafarroako gurasoen ia heren batek Euskara ardatz duen D eredua aukeratzen du 3 urteko seme-alaben hezkuntzarako. Gaztelania nagusi duen A eredua aukeratzen duten gurasoen kopurua, berriz, % 20 ingurukoa da. Ildo berean, Ollo kontseilariak azpimarratu du Eusko Ikaskuntzak bizikidetzari buruz egindako azterlan batean agerian geratu denez, gazteek, gero eta gehiago, euskara balio positibo gisa ikusten dutela.

Mintegiak sarean

Kanpainaren barruan euskara ezagutzearen eta erabiltzearen balioaz sentsibilizatzeko online mintegiak egingo dira. Horietan euskara seme-alaben hezkuntzarako elementu baliotsu gisa sustatuko da eta, aldi berean, Nafarroako hezkuntza sisteman euskararen inguruan dauden aukeren berri ere emango da. Mintegi horiek pasa den urteko azaroan izan ziren “ERA eskola” jardunaldien jarraipena izango dira.

Oraingoan, hiru dira eskainiko diren mintegiak:

  • “El euskera y el multilingüismo en el contexto escolar”. Apirilak 12an, 18:00. Jasone Cenoz EHUko Hezkuntzako Ikerketa eta Diagnosi Metodoen katedradunak aurkeztuta.
  • “Modelo D: inmersión lingüística en euskera”. Apirilak 13, 18:00. Eduardo Aldasoro pedagogo eta hezkuntza adituak aurkeztuta.
  • “Ábreles la ventana del euskera, aprender euskera es una oportunidad”. Apirilak 14, 18:00. A ereduan euskara irakasten eskarmentu handia duen Juan Pedro Urabayen irakasleak aurkeztuta.

Hitzaldien aurretik ikus-entzunezko hiru ekoizpen aurkeztuko dira. Bertan pertsona ezberdinek euskararen inguruan dituzten bizipenak eta iritziak kontatuko dituzte, haurren hezkuntzaren elementu gisa. Honako hauek izan dira parte-hartzaileak: Begoña Lanz, Alloko irakaslea; Leire Echeverria eta Ainhoa Iriarte, Garesko irakasleak; Ainhoa Unanua, Mañeruko ama eta erizaina; Jorge Nagore, Iruñeko aita eta kazetaria; Maite Espinosa, Buñuelgo ama eta alkatea; Raquel Jiménez, Cascanteko ama eta irakaslea; Pablo Hermoso de Mendoza, Lizarrako aita eta errejoneatzailea; África Baeta, ama eta kazetaria; eta Natalia Lacunza, Iruñeko kantaria.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.