Lurrak duela 20 urte baino distira txikiagoa du

Badira urte batzuk Lurra “distira galtzen” ari dela. Hau da, pasa den hilabetean Estatu Batuetako Batasun Geofisikoaren (AGU) Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratutako azterlan baten arabera, gure planeta espaziorantz Eguzkiaren argi gutxiago islatzen edo itzultzen ari da.

Azterlanaren egileak ondorio horretara iritsi dira, sateliteek eta Kaliforniako Big Bear eguzki-behatokiak azken 20 urteetan bildutako datuetatik abiatuta, Lurrak Ilargian islatzen duen argi-kantitatea aztertu ondoren.

Albedo

Azalera argiek argia islatzen dute eta azalera ilunek, aldiz, argia ‘xurgatzen’ dute. Eguzkiaren eta Lurraren argiarekin gauza bera gertatzen da: planetaren azalera ilunek gure izarraren argia eta beroa xurgatzen dute. Azalera argiek, hodeiek edo poloetan diren azalera izoztuek adibidez, argi hori islatu eta espaziora bidaltzen dute. Lurrak espaziorantz bidaltzen duen Eguzkiaren argi-kantitatea albedo izenarekin ezagutzen da eta, batez beste, gure planetara iristen den eguzki-argiaren % 30 inguru da.

Aipatu azterlanean ondorioztatu ahal izan dutenez, isla edo albedo hori murriztu da azken bi hamarkadetan. AGUk azaldu duenez, “gaur egun Lurrak duela 20 urte baino watt erdi argi gutxiago islatzen du metro koadroko. Hori Lurraren erreflektantzia % 0,5 murriztearen baliokidea da”. 

Murrizketa hori, nagusiki, azken hiru urtetan jazo da. Azterlanaren egileek azken hiru urteetan Eguzkiaren distiran aldaketarik hauteman ez dutenez gero, Lurraren erreflektantziaren murrizketa planetaren berezko kausek eragiten dutela uste dute, adibidez, Ozeano Pazifikoko zenbait eremutako hodei kopuruaren aldaketa “nabarmena”.

Gure planetak islatzen ez duen eguzkiaren argia eta beroa Lurrean bertan geratzen da, ozeanoetan eta atmosferan, eta horrek zuzeneko eragina du tenperaturetan. 

Lurrak islatzen duen argi-kopurua urteetan edo hamarkadetan zehar aldatzen bada, horrek klima-aldaketan eragina izango du, Eguzkitik energia gehiago edo gutxiago sartzen utziko duelako.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.