Zientzia Astea 2021ek doako ehundik gora zientzia-jarduera eskainiko ditu

Abian da UPV/EHUk antolatzen duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen XXI. edizioa. Aurtengo ediziorako unibertsitate publikoak euskal gizartea mundu zientifiko eta teknologikora erakartzea helburu duten  ehundik gora zientzia-jarduera jasotzen dituen programa osatu du. Osasun egoerak hobera egin duenez, bueltan dira aurrez aurreko jarduerak. Horiek Barakaldon, Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira. Ikastetxeentzako online jarduerak ere izango dira: 23 hitzaldi labur, Zientzia Zirkularra izenekoa, eta 2 tailer, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzat. Jarduera guztiak doakoak dira eta horietan parte hartu ahal izateko aldez aurretik izena eman beharko da.

Programatu diren jardueren artean, tailerrak, txango didaktikoak, erakusketak, hitzaldiak eta ikuskizunak azpimarra daitezke. Horien artean, Zientzia Club nabarmentzen da, zientzia eta umorea uztartzen dituzten bakarrizketak.

Jarduera presentzialak bueltan dira

Covid-19ak eragin duen osasun-egoerak hobera egin duenez, aurtengo edizioan bueltan izango dira jarduera presentzialak. Egoitza nagusia Bilboko Bizkaia Aretoa izango da. Bertan 19 jarduera izango dira azaroaren 5etik 7ra bitartean. Gainera, bost txango didaktiko ere programatu dira.

Donostian jarduerak Tabakaleran izango dira; bertan 7 tailer antolatu dira azaroaren 5etik 7ra bitartean.

Gasteizko egoitza Bibat Museoa izango da. Azaroaren 4tik 7ra bitartean 11 tailer egingo dira bertan. Horiez gain, lau txango didaktiko ere antolatu dira.

Azkenik, Barakaldoko Clara Campoamor Kultur Etxeak hainbat ekintza jasoko ditu azaroaren 3tik 7ra bitartean.

Zientzia Asteko egitaraua osatzeko, aipatu lau egoitzetan “Jon Kepa Eureka” izeneko ikuskizun zientifikoa ikusteko aukera izango da. Gainera, bi lehiaketa ere abian jarri dira: Argazkigintza Geologikoaren XIII. Lehiaketa eta Erretratu Alfabetiko-matematikoaren Lehiaketa.

Programazio osoa zientzia-astea.eus webgunean ikus daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.