Abian da ‘Gazte Sortzaileak bolo bolo!’ zikloa

Egitasmoak gazteen artean euskarazko sorkuntza sustatzen du eta 2015etik 2021era bitartean Gazte Sortzaileak beka jaso zuten horien proposamenak ezagutzeko aukera emango du

Otsailaren 15ean hasiko da Gasteizko Udalak antolatzen duen ‘Gazte Sortzaileak bolo bolo!’ zikloa. Egitasmo horren xedea da euskarazko sorkuntza sustatzea helburu duten Gazte Sortzaileak bekaren barruan 2015etik 2021era bitartean aurkeztutako lanak ezagutzera ematea. Aipatu beka horietara aurkeztutako proposamen onenek proposamena gauzatzeko laguntza ekonomikoa eta aholkularitza profesionala jasotzen dute.

Gazte Sortzaileak

Aurtengo bigarren hiruhilekoan egingo den deialdi berriaren atariko gisa, beka lortu zuten hainbat artista gazteren lanak ikusgai izango dira martxora arte. Ekimen horren bidez, Euskara eta Gazteria Zerbitzuek deialdia ezagutzera eman nahi dute. Aldi berean, artista gazteei agertoki berriak eskaini nahi zaizkie.

‘Gazte Sortzaileak bolo-bolo!’ zikloari hasiera emateko 2019an beka lortu zuen Uxue Ruiz de Arkauteren ‘Hybrid’ eta 2021ean beka lortu zuen Alejandra Bueno de Santiagoren ‘Ezohikoak’ ikus-entzunezko lanak ikusi ahal izango dira. Hitzordua otsailaren 15ean izango da, 19:00etan, Salburuko gizarte-etxeko ekitaldi aretoan.

Otsailaren 22an, 2020. urtean beka jaso zuen Jone Bengoak ‘Kabia’ ikuskizuna antzeztuko du Iparralde gizarte-etxean den Beñat Etxepare antzokian. Urte berean beka lortu zuten Aitor Vinagretek eta Aurora Brizek, berriz, ‘Kokito eta India’ antzezlana antzeztuko dute martxoaren 22an, 11:30etan, Hegoalde gizarte-etxean den Jesús Ibáñez de Matauco antzokian.

Zikloari amaiera emateko, 2018an eta 2019an beka irabazi zuen Eñaut Gorbeak argi eta itzal laborategia eskainiko du, martxoaren 16an, Zabalganeko gizarte-etxean.

Ekitaldi guztiak doakoak izango dira. Zikloa itxiko duen tailerraren kasuan, hala ere, derrigorrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea Udalaren webgunean. ‘Kokito eta India’ antzezlanaren kasuan, berriz, gonbidapena eskatu beharko da Gazte Informaziorako Udal Bulegoan.

Aipatu ekitaldi horiez gain, Ane Gebarak (2017 eta 2019ko bekaduna) , Aitor Alvarezek (2020ko bekaduna) eta Iker Agirrek (2021eko bekaduna) ere ikasle-jende eta publiko berezituari euren sormen-lanak aurkeztuko dizkiete, euren diziplinen arloekin zerikusia duten hainbat zentro eta espaziotan antolatutako saio itxietan.