1879an, Thomas Alba Edisonek bonbilla elektrikoa asmatu zuen. Hiru urte beranduago, New Yorkeko Pearl Street kalea bilakatu zen argiztapen elektrikoa izan zuen munduko lehen kalea. Argiztapen elektrikoak arrakasta handia lortu zuen eta munduko hiri garrantzitsuenak lasterketa bizian sartu ziren bere kaleak gauean argiztatuta izateko.
120 urte beranduago, behartzat jotzen zen hura arazo bilakatu da. Izan ere, gaur egun hirietan den gehiegizko argiztapena kutsadura bilakatu da, argi-kutsadura, hain zuzen ere.
Argiztapen artifizialak bere biziko garrantzia izan du gizakion garapenean. Aintzinean, gure arbasoek suaz baliatzen ziren berotzeko eta piztiak uxatzeko. Su horiek zuzi bilakatu ziren eta horiei esker egunean zehar soilik buru zitezkeen jarduerak gauean ere burutu ahal izan ziren. Urteen poderioz, gizakiok argiztapen artifiala garatu genuen: olio-lanparak, kandelak, gas-argiztapena… eta azkenik, gaur egun nagusi den argiztapen elektrikoa.
Argi-kutsadura
Egia esan, argiztapen horren garapena arazo bihurtu da azkenean. Kutsadura horrek gehien kaltetutako gremioetako bat astromonoena da, gehiegizko argiak zerua behatzea zailtzen baitu. Baina, konturatu gabe, kutsadura mota horrek pertsona gehienoi eragiten digu, atsedena zailtzen duen neurrian. Pertsonei ez ezik, argi-kutsadurak animaliei ere eragiten die, batez ere, jarduera gehiena iluntasunean egiten duten horiei.
Argi-kutsadura oso populatuak diren guneetan ematen da bereziki. Hirietan izaten den argiztapen elektrikoa dela eta argia atmosferako gas, aerosol eta esekiduran diren partikulen bidez barreiatzen da kaltegarria den distira sortuz. Alferrik galtzen den argia, hainbat kasutan, % 50ekoa izatera hel daiteke (kale-argiaren diseinuaren arabera). Ondorioz, behar bezalako argiztapena izateko argi gehiago jartzeko joera izaten da, horrek kontsumoa areagotzen duelarik. Energia elektrikoa sortzeko sarritan erregai fosilak erabiltzen direnez, horrek ere zuzeneko eragina du atmosferara igortzen diren berotegi efektuko gasen emisioetan. Egun bizi dugun krisi egoera dela eta, ez dira eman beharreko pausu guztiak ematen kutsadura hau ekiditeak, une honetan, kostu ekonomiko handiak dituelako.