Euskadin zentroak dituzten unibertsitateek ia 70.000 matrikula erregistratu zituzten 2020/21 ikasturtean. Eustatek uztailaren amaieran argitaratutako eta gai horri buruz egindako azken datuen arabera, aurreko ikasturtearekin alderatuta igoera % 2,5ekoa izan da, azken 20 urteetan izan den hazkunderik handiena.
Hamar ikasletatik zazpik unibertsitate publikoa aukeratu dute beren ikasketak burutzeko, baina badira aldeak mailaren arabera. Horrela, graduko ikasleen artean proportzio hori mantendu bada ere, graduondoen kasuan unibertsitate publikoek ikasle gutxiago erakartzen dituzte (% 62). Doktoretzaren kasuan, berriz, doktoregai gehienek (% 86) unibertsitate publikoaren aldeko apostua egiten dute.
Graduak
Graduko ikasketen kasuan, ikasleriaren sexuaren araberako banaketa aurreko ikasturteen antzera mantendu da. Hainbat kasutan, banaketa hori guztiz desorekatuta dagoela azpimarratu behar da. Izan ere, eskaintzen diren graduen laurden batean bakarrik aurki daiteke emakume eta gizonen arteko banaketa orekatua, hots, bai gizonen bai emakumeen proportzioa, gutxienez, % 40koa izan zen.
Zenbait gradutan emakumeen proportzioa nabarmen handiagoa da, hala nola, Haur Hezkuntzan, Erizaintzan eta Pedagogian. Hiru kasu horietan, matrikulatuta dauden gizonen kopurua % 15etik beherakoa da. Gizonak nagusi diren graduen kasuan, 20 gradu baino gehiago aurki daitezke, gehienak ingeniaritza adarrekoak, eta horietan emakumeen presentzia % 25etik beherakoa da.
Gradu bikoitzak
Pasa den ikasturtean 2.903 ikaslek burutu zituzten gradu bikoitzeko ikasketak, aurreko ikasturtean baino % 8 gehiago. Ikasle gehien bildu zituen gradu bikoitza Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea uztartzen dituena izan zen eta, jarraian, Lehen Hezkuntza eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak uztartzen dituena. Gradu bikoitzeko ikasleriaren % 40 Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza osagaia zuen graduren batean eman zuen izena.
Bestalde, pasa den ikasturtean 14.404 unibertsitariok beren ikasketak amaitzea lortu zuten. Azpimarratzekoa da beren doktorego-tesia gainditzea lortu zuten ikasleen kopuruan izandako igoera: 2019/20 ikasturtean 425 eta 2020/21ean 548. Hazkundea, beraz, % 26koa izan da. Era berean, 3.639 ikaslek graduondoren bat amaitu zuten, aurreko ikasturtean baino % 6 gehiago. Graduko titulua lortu zuten ikasleen kasuan ez da alde esanguratsurik izan.
Oro har, ikasketa zientifikoetan (ingeniaritza eta arkitektura, zientziak edo osasun-zientziak) titulua lortu zuten pertsonen proportzioa handitu egiten da ikasketa-maila zenbat eta handiagoa izan: % 40 gradutan, % 47 masterretan eta % 65 doktoretzan. Kontrakoa gertatzen da letra-irakaskuntzekin (gizarte- eta zuzenbide-zientziak edo arteak eta giza zientziak): graduatuen % 60, % 53 eta % 35 gradu-, master- eta doktorego-ikasketak izan ziren, hurrenez hurren.
Bereziki nabarmentzen dira gizarte- eta zuzenbide-zientzien eta zientzia orokorren adarrak. Hala, gradu-ikasketak amaitu zituztenen erdiek baino gehiagok gizarte-zientzien eta zientzia juridikoen adarreko titulu bat lortu zuten bitartean, onartutako lau doktoretza-tesietatik bakarra zen modalitate horretakoa. Zientzietako adarrean, berriz, kontrako fenomenoa eman da; izan ere, gradu eta masterreko ikasle tituludunen % 5 eta % 6 baino ez dira hor sartzen, hurrenez hurren, baina doktore berrien % 23 baino gehiago.
Argazkia: © Ekaitz Zilarmendi / Mondragon Unibertsitatea