Inoiz baino konektatuagoak

Interneten erabilera Hego Euskal Herriko biztanleen artean esponentzialki hazi da azken hamarkadan

Azken urteetan Interneten erabilera etengabe hazi da Hego Euskal Herrian. Euskadin, 15 urtetik gorako biztanleriaren % 85ak Internet erabiltzen du, hots, 1,6 milioi pertsona inguru. Nafarroan, berriz, 16 eta 74 urte bitarteko biztanleriaren % 95,9k Internet erabili du noizbait eta, horietatik guztietatik, % 99,5ek azken hiru hilabeteetan egin du.

Hori da, hain zuzen ere, aurtengo urtarrilean Eustatek argitaratu berri duen ‘Informazioaren gizartearen panorama 2021’ eta Nafarroako Estatistika Erakundeak prestatu duen ‘Informazio eta Komunikazio Teknologien eta merkataritza elektronikoaren erabilerari buruzko inkesta etxeetan 2020’ txostenetan jasotako datuek jasotzen dutena.

Gaur egun, Euskadin, 15 urtetik gorako biztanleriaren
% 85ak Internet erabiltzen du, hots, 1,6 milioi pertsona inguru. Nafarroan, berriz, 16 eta 74 urte bitarteko biztanleriaren % 95,9k Internet erabili du noizbait eta, horietatik guztietatik, % 99,5ek azken hiru hilabeteetan egin du. 

Euskadin, azken hamarkadan Internet erabileraren hazkunde nabarmena izan da. Horrela, erabiltzaileen kopurua 2011. urteko % 57tik 2021eko % 85era pasatu da, hots ia 30 puntuko igoera. Bilakaera positibo hori 45 eta 64 urte bitarteko biztanleen artean izan den hazkundeari esker ulertzen da.

Gazteak eta landunak

2011. urtean, aipatu adin-taldeko biztanleen erdiak baino gehiagok azken hiru hilabeteetan Internet erabili izan zuela adierazi zuen. Orain, berriz, adin tarte horretako EAEko biztanleak dira Internet gehien erabiltzen duten hirugarren kolektiboa, 15-24 eta 25-44 adin-taldeetako biztanleengandik oso gertu.

Araba eta Gipuzkoa dira, ehunekotan, 2021. urtean 15 urtetik gorako Internet erabiltzaile gehien zituzten Lurralde Historikoak, % 87 eta % 85, hurrenez hurren. Bizkaian, berriz, Internet erabiltzaileen hazkunderik handiena eman da aurreko urteko datuekin alderatuta.

  • Inoiz baino konektatuagoak
  • Inoiz baino konektatuagoak
  • Inoiz baino konektatuagoak
  • Inoiz baino konektatuagoak

Interneten erabilera handienak ikasle izatearekin edo enplegu bat izatearekin erlazionatuta daude. Ikasleen eta landunen ia % 100ek erabili du Internet azken hiru hilabeteetan. Aktibo ez diren edo langabezian diren hiritarren artean, adibidez, Interneten erabilera nabarmen jaisten da.

Interneten erabilera eta horren bilakaera ezaugarri soziodemografikoen baitan aldatzen da. Horrela, sexuak alderatzen badira, emakumeen kasuan hazkunde handiago bat ikusten da; % 53tik % 83ra pasatu da.

Eustaten txostenak agerian uzten duenez,  hamar pertsonatik bederatzi egunero konektatzen dira egunero edo, gutxienez, astean bost egunetan. Hiritarren % 6k maiztasun txikiagoarekin egiten du. Azken urteetan, nabarmen hazi da egunero konektatzen diren pertsonen kopurua; azken hamarkadan kopuru hori 31 puntutan hazi da.

Interneten erabilera

Kasu gehienetan, EAEko biztanleak komunikatzeko eta informazioa bilatzeko konektatzen dira Internetera. Eustaten txostenaren arabera, ia gehienak etxetik konektatzen dira eta, hein txikiago batean, lantokitik eta ikastetxetik. Asko dira egunean zehar hainbat tokitatik konektatzen direnak.

Euskadin, 15 urtetik gorako biztanleriaren ia % 100ek dio azken hiru hilabeteetan Whatsapp edo berehalako mezularitzarako antzeko aplikazioren bat erabili duela. Nafarroan kopuru hori % 96,5ekoa da. 

Internet erabiltzen duen EAEko biztanleriaren ia % 100ek Whatsapp edo berehalako mezularitzarako antzeko aplikazioren bat erabili du azken hiru hilabeteetan (% 97,5). Internetera konektatzean gehien egiten diren gauzen artean honako hauek nabarmentzen dira: posta elektronikoa erabili (% 82,4); egunkarietan eta aldizkarietan albisteak irakurri (% 74,9); eta, ondasunen eta zerbitzuen inguruko informazioa bilatu (% 63,3). Parte-hartzea sare sozialetan % 53,9koa da 15 urtetik gorako erabiltzaileen artean, baina % 87,6raino igotzen da 15 eta 24 urte bitarteko gazteen kasuan.

Halaber, erabiltzaileen % 67,7k Internet erabili du banku-kudeaketarako. Azken bi urteotan, eta pandemia dela eta, nabarmen gutxitu da aisialdi kontuagatik egiten den Interneten erabilera. Hala, erabiltzaileen % 16,6k bakarrik egin ditu ostatu edo bidaia turistikoen erreserbak, aurreko ekitaldian baino % 31,3 gutxiago.

Ekipamenduak

Eustaten txostenean jasotzen denez, Informazio eta Komunikazio Teknologien ekipamenduetan ere hazkunde nabarmena izan da azken urteetan. Azpimarratzekoa da Interneterako konexioa zein azkar sartu den etxeetan; gaur egun, EAEko etxebizitzen % 87k Interneterako konexioa du, baina 2003. urtean kopuru hori % 29koa besterik ez zen. Gutxienez 16 eta 74 urte bitarteko kideren bat duten familien kasuan, etxeko konexioen kopurua % 96raino igotzen da.

Sare sozialen erabilera ere oso hedatuta dago. Euskadin 15 urtetik gorako Internet erabiltzaileen % 53,9 sare sozialetan aritzen da eta Nafarroan, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen % 87,6. Nafarroan, 16 eta 74 urte bitarteko biztanleriaren % 64,4k Instagram, Facebook, Twitter edo YouTube bezalako sareren batean parte hartu du.

Esan bezala, 2003. urteaz geroztik Internet erabiltzeko ekipamenduen bilakaera nabarmena izan da. EAEko etxebizitzen % 74,3tan ordenagailuren bat dago, 2003. urtean baino % 12,5 gehiago. Goranzko joera hori nabariagoa da eramangarritasun handieneko ekipamenduetan. Adibidez, ordenagailu eramangarrien kasuan, etxeen % 58,4k dute horrelako gailuren bat. 2003an, 15 urtetik gorako biztanleen % 54k bakarrik zuen ordenagailua etxean.

Ordenagailuaren erabilera eta haren erabilera-maiztasuna adinaren alderantzizkoa da. Horrela, biztanle gazteenak (15-24 adin tartekoak) dira ordenagailua gehien erabiltzen dutenak eta maiztasun handiagoarekin egiten dutenak. Adinean gora egin ahala erabilerak eta maiztasunak behera egiten dute eta 65 urtetik gorako biztanleen artean ematen dira baliorik baxuenak. Ikasleen kasuan, berriz, ordenagailua maiztasun handiagoarekin erabiltzen duten erabiltzaileak aurkitzen dira. Ikasketa-maila ordenagailuaren erabilerarako aldagai garrantzitsua dela dirudi: goi-mailako ikasketak dituztenen artean % 91k maiztasun handiz erabiltzen du ordenagailua. Sexuari dagokionez, gizonen % 67 eta emakumeen % 58k erabiltzen dute ordenagailua maiz.

EAEko ia etxe guztietan (% 97,2) badute telefono mugikorren bat, hau da, duela 10 urte baino 7,3 puntu gehiago.

Ordainpeko telebista

Azken urteetan azaldu den beste fenomeno berri bat ordainpeko telebistarena izan da. Gaur egun, EAEko biztanleriaren erdiak baino gehiagok (% 58) ordainpeko telebistarako sarbidea du (Netflix, HBO…) Duela hamar urte, kopuru hori % 14,6koa besterik ez zen. Era berean, DVD erreproduzitzaileen, kamera digitalen eta musika-ekipoen erabilera nabarmen jaitsi da. Eta gauza bera esan daiteke telefono finkoen erabilerari buruz.

Lurralde historikoen arabera, alde txikiak daude IKT ekipamenduen ezarpen-mailari dagokionez. Zehazki, Arabako etxeetan ohikoagoak dira Internet, ordenagailu, mugikor eta Interneteko konexioaren bidezko telebista. Bizkaian, kable bidezko telebista eta ordainpeko telebista duten etxeen ehunekoa handiagoa da. Eta, azkenik, Gipuzkoan dago banda zabaleko konexioa duten etxeen ehunekorik handiena.

Administrazioa eta merkataritza elektronikoa

Euskal erabiltzaileen erdiak baino gehiagok (% 54,5) Internet erabiltzen du administrazio publikoek eskaintzen dituzten zerbitzu ezberdinak erabiltzeko. Adibidez, erabiltzaileen % 45,5ek online inprimakiak bidali dizkio administrazioari, % 45,6k informazioa bildu du Internet bidez eta % 37,7k inprimaki ofizialak eskuratu ditu bide horren bitartez.

Merkataritza elektronikoak ere oso igoera esanguratsua izan du azken hamarkadan. Erabiltzaileen % 54,7k, hots, 880.000 lagun inguruk, ondasunen edo zerbitzuren bat eskuratu du  Internet bidez azken hiru hilabeteetan. Kopuru hori 15 urtetik gorako EAEko biztanleriaren % 46,5 da, eta Internet bidez erosketak egin dituzten pertsonen kopurua ia hirukoiztu egin da duela 10 urte jasotako datuekin alderatuta (2,7 aldiz gehiago), eta 2016. urtean baino % 40,4 gehiago.

Talde horrek, batez ere, kirol materiala eta arropa, etxerako ondasunak, ekipamendu elektronikoa, elikagai produktuak eta liburuak, aldizkariak eta egunkariak erosten ditu.

Internet orokortuta dago Nafarroan

Nafarroan, teknologia berrien ezarpena etxebizitzetan nabarmen hazi da azken urteetan, bai ordenagailuei dagokionez (% 86,3), bai banda zabaleko konexioari dagokionez (% 95,5). Sakelako telefonoen erabilerak gora egin ahala (% 99,3), telefono finkoaren erabilerak behera egiten du (% 75). Nafarroako etxeetan telefono finkoen presentziak bederatzi puntu baino gehiago egin du behera 2010. urteaz geroztik. Gainera, Nafarroako biztanleriaren laurden bat telefono mugikorra erabiltzen du etxetik komunikatzeko (aurreko urtean- 2019- baino 6,6 puntu gehiago).

Gutxienez 16 eta 74 urte bitarteko kide bat duten Nafarroako etxeen % 96,5ek (2019an, %94,5ek) banda zabal finko eta/edo mugikor bidezko Interneteko sarbidea du.

Nafarroako etxebizitza gehienek banda zabaleko konexioa dute: etxebizitzen % 86an, zuntz optikoaren, kablearen edo ADSLaren bidez konektatzen dira; %10,5ean, berriz, konexio mugikorra da Interneten sartzeko modu bakarra (3G edo 4G…).

Gutxienez 16 eta 74 urte bitarteko kide bat duten etxeen % 86,3k du ordenagailu edo antzeko gailuren bat. % 82,0k mahai gaineko ordenagailuak edo eramangarriak ditu, eta % 61,8k tabletak. 

Interneten erabilera

16 eta 74 urte bitarteko nafarren % 95,9k noizbait erabili du Internet, eta horien % 99,5ek azken hiru hilabeteetan erabili du. Azken hiru hilabeteetan konektatu diren erabiltzaileen % 86,6 egunero konektatzen da; % 10,7 astero, baina ez egunero; eta, % 2,7 astean behin baino gutxiagotan. Azken hiru hilabeteetan, Interneten erabilera ia unibertsala izan da adin-talde guztietan, eta gutxienekoa 65 eta 74 urte bitartekoen taldean izan da (% 95,5). Eta zenbat eta ikasketa-maila handiagoa, orduan eta handiagoa da Internetera konektatzeko maiztasuna.

Mezularitza eta deiak

Azken hiru hilabeteetan, 16 eta 74 urte bitarteko nafarrek sarean gehien egin dituzten jarduerak honako hauek izan dira: berehalako mezularitzako zerbitzuak erabili (% 96,5); telefonoz deitu edo Internet bidez bideo-deiak egin (% 86,1); mezu elektronikoak jaso edo bidali (% 85,2); eta, ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa bilatu (% 84,8).

16 eta 74 urte bitarteko biztanleen %64,4k gizarte-sare orokorretan parte hartu du azken hiru hilabeteetan (Instagram, Facebook, Twitter edo YouTube).

Sare sozialetan izaten den parte-hartzea nabarmen aldatzen da adinaren baitan. 16-24 taldeko gazteak (% 98,4) eta 25-34 taldekoak (% 88,5) dira erabiltzaile kopuru handiena dutenak; 35-44 urte bitartean kopurua % 75,6raino jaisten da eta 45-54 urte bitartekoen artean % 50,3raino.  

Gehien parte hartzen dutenak ikasleak dira (% 96,4). Emakumeek parte-hartzeko joera handiagoa dute gizonek baino: % 68,9 eta % 59,9, hurrenez hurren.