236 gazte 100 BEINT beka lortzeko

Nazioartekotzeko Euskal Agentziak 1986an abian jarri zituen beka horiek aukera ematen diete euskal gazteei atzerrian enpresa-praktikak egiteko

Pasa den apirilaren 30ean 236 gazte lehiatu ziren Nazioartekotzeko Euskal Agentziak 2022-2024 aldirako eskaintzen dituen 100 BEINT beketako bat lortzeko. Eusko Jaurlaritzak duela 36 urte abian jarri zituen beka horiek nazioartekotzean espezialistak trebatzeko balio dute eta aintzatespen handia dute unibertsitate zein enpresa alorrean.

Aurtengo deialdira 236 gazte aurkeztu dira; 128 emakume eta 108 gizon. Gehienak Bizkaitik aurkeztu dira (150). Gipuzkoatik 59 eta Arabatik 27 gazte aurkeztu dira.

Eskatzaileen kopuruak eskaintzen ziren beken kopurua bikoizten zuenez, hautaketa proba bat egin behar izan da. Bertan, hautagaien ezagutza eta hizkuntza-maila neurtu da. Proba horretan lortutako emaitza aurretik egindako merezimendu-lehiaketan lortutako kalifikazioari gehituko zaio. Merezimendu-proba horretan ikasketa-maila eta esperientzia profesionala hartzen dira kontuan. Aipatu bi proba horien ostean kalifikaziorik altuena duten gazteak ekainean izango den elkarrizketaren fasera pasatuko dira.

100 beka

Kalifikazio altuena lortzen duten 100 hautagaiak BEINT bekadunak izatera pasatuko dira eta uztailetik aurrera unibertsitatean egingo den formakuntzarako lehen fase baterako deituko zaie.

Ondoren, eta kontuan hartuta hiru unibertsitate-ikastaroetan irakatsiko diren hamalau jakintza-arloetan erakutsitako aprobetxamendua, bekadunei euren bulegoak esleituko zaizkie urtebeteko iraupena izango duen eta atzerrian egingo den bigarren faserako. Azkenik, beren trebakuntzari amaiera emateko, enpresa-praktikak egingo dituzte atzerrian, 2024ko urtarrila eta abuztua bitartean.

BEINT bekek jomugaren arabera kalkulatutako aurrekontua izango dute, 30.000 eurotik 60.000 eurora bitartekoa.