Indarkeria matxisten aurkako gazteak, jaietan ere

Jaiak, udako onena gehienentzat Euskadin. Jendea ondo pasatzen, koadrilak batzen, eta giro polita edonon. Bueno, ez beti. Herriko jaietan, batez ere asteburuetan, behin eta berriro salaketak jartzen dituzte indarkeria matxistagatik eta sexu-indarkeriagatik. Errealitate hutsa baino ez da. Emakumekok, neskok ezin dugu esan non gogoa, han zangoa. Pentsatu behar dugu bi aldiz.

“Zergatik dira emakumeak beldurra pasatzen dutenak etxera bakarrik itzultzean?” da Bizkaiko Foru Aldundiak jai-giroetan sexu-erasoen aurkako kanpainaren mezu nagusia. Horrekin batera datuak: joan den urtean 224 emakume izan ziren sexu-askatasunaren aurkako delituen biktima Bizkaian, jaietan. Horietatik 86 adingabeak ziren, hau da, guztien % 38,3. Gainera, egoera hau ez da bakarrik udako jaietan pairatzen. Euskadiko haur eta nerabeenganako sexu-indarkeria % 61 hazi zela 2016 eta 2019 artean, pandemia baino urtebete lehenago. 2019an, EAEn, Ertzaintzak 206 haur eta nerabe identifikatu zituen sexu-indarkeriaren biktima gisa, eta horietatik %80,6 neskatoak eta nerabeak ziren. 

Alkoholaren eta bestelako drogen eragina

Orain, udan jaiegun, jaialdi, kontzertu eta jai gehiago izaten direnez, sexu-indarkeria kasuak ugaritu egin daitezke. Badakigu alkoholak eta bestelako drogek zirkulatzen duten testuinguru horietan, kontuz ibili eta erne egon behar dela, zeren, zenbait azterlanen arabera, taldeko sexu-erasoetan substantzia horien kontsumoa egon ohi baita.

Save the Childrenen kezkatuta gaude indarkeria mota hori areagotzen ari delako, eta gogorarazi dugu hezkuntza afektibo-sexualak txikitatik lagunduko lukeela kasuak erdira murrizten. Datu beldurgarriak diren arren, ez da ahaztu behar kopuru horiek icebergaren punta besterik ez direla. Salaketak ugaritzea ez da kasu gehiago egotea, baizik eta arazo hori gero eta nabarmenagoa izatea eta gizartea sentsibilizatuago egotea. 

Euskadik hezkuntza afektibo-sexualari buruzko hainbat programa ditu, eta horiek praktika egokitzat jo daitezke, baina, hala ere, programa horien irismena mugatua eta heterogeneoa da, ez baitira eduki arautuak eta nahitaezkoak. Funtsezkoa da Euskadiko haur eta nerabe guztiek hezkuntza hori modu arautu eta egokian jasotzeko duten eskubidea bermatzea, etapa goiztiarretatik hasita, haurrei indarkeria edo abusua detektatzeko beharrezkoak diren kontzeptuak irakatsiz, betiere beren hezkuntza-etapari egokituta, hala nola adostasuna, gorputzaren autonomia, emozioen garapena edo berdintasunezko harremanak. Azken finean, ezin dugu onartu pornografia sexualitateari buruzko informazio-iturri bakarra izatea, haren sexu-nahia fikzioaren oinarri irreal, bortitz eta desberdinen gainean eraikitzen baita.

“Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko Gida” argitaratu duen Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak zuzendutako erakunde arteko ahalegina dela eta, Emakunderekin, foru-aldundiekin eta EUDELekin lankidetzan egina, gazteen arteko indarkeria prebenitzeko Beldur Barik programaren barruan, txalotu egin behar da. Horrelako tresnak behar ditugu, bai noski. Baita indarkeria matxisten aurka kontzientziatutako gazteak ere, horrelako egoerei aurrea hartzeko, nola erantzun jakiteko eta herriko jai berdintasunezko eta feministak eraikitzeko.