GEBk antolatutako ikastaro batek gazteek pornografiarekin duten harremana aztertuko du

Ikastaroaren xedea da pornografiak gazteen iruditeria erotiko kolektiboaren eraikuntzan nola eragiten duen eta eragin hori minimizatuko duten hezkuntza-kontrapisuak non eta nola aplikatu behar diren aztertzea

Internetek pornografiarako sarbide unibertsala eta berehalakoa ematen du. Egunean hogeita lau orduz doan eskura daiteke klik bat eginda.

Azterlan ezberdinek agerian utzi dutenez, gazteek gero eta adin txikiagoetan hasten dira pornografia kontsumitzen. Save the Children GKEak duela bi urte argitaratu zuen txosten baten arabera, inkestatutako gazteen erdia baino gehiago (% 53,8) 13 urte bete baino lehen hasi zen horrelako edukiak kontsumitzen. % 8,7, berriz, hamar urte bete aurretik. Horrela, nesketan zein mutiletan, pornografia ikusten hasteko batez besteko adina 12 urte ingurukoa da (arinki baxuagoa mutiletan).

Sarritan entzun izan da ‘natibo digitalak’ terminoa belaunaldi gazteen inguruan hitz egiten denean. Zenbait ikerketetan termino hori alboratzen hasi dira eta ‘porno natiboak’ terminoa erabiltzen hasi dira. Izan ere, belaunaldi gazteenek pornografia eskaintzen duten atarietan sar daitezke oso modu errazean eta, hortaz, sarritan, ikus-entzunezko pornografia ezagutzen dute beren sexualitatea ezagutu baino lehen. Gainera, hainbat ikerlanetan agerian geratu denez, belaunaldi gazteen kasuan, gazte horien praktika, gustu eta lehentasun sexualek zerikusi handiagoa dute pornoan ikusitako esperientziekin bizitako esperientziekin baino.

Ikastaroa

Gazteen Euskal Behatokiak pornografiak gazteen iruditeria erotiko kolektiboaren eraikuntzan nola eragiten duen aztertzeko eta eragin hori minimizatuko duten hezkuntza-kontrapisuak non eta nola aplikatu behar diren jakiteko ikastaro bat antolatu du. Emaize zentroko Raúl Marcosek irakatsiko duen ‘Pornografia eta hezkuntza: arazo global baterako gerturatze integrala’ ikastaroa Bilbon irakatsiko da otsailaren 1ean eta 8an eta Donostian otsailaren 3an eta 10ean. Izena emateko epea urtarrilaren 11an ireki eta 20an itxiko da. Ikastaroa doakoa da eta gaztelaniaz izango da.

Lehentasuna izango dute gazteekin lanean edo elkarlanean (entitateetan, elkarteetan, herri-administrazioetan, enpresetan, ikastetxeetan, boluntario-lanetan…) dihardutenek. Horrez gain, kontuan izango da izen-emateen hurrenkera.