Bueltan da VillasoundBilbao

Jaialdiko hirugarren edizioan finalera iritsi diren taldeek martxoan zehar Bilborocken jotzeko aukera izango dute.

VillaSoundBilbao jaialdia Bilborockera bueltatuko da aste honetan bertan. Lehiaketara aurkeztutako talde eta bakarlari guztien artean epaimahaiak finalera pasatu diren 12 talde aukeratu ditu. Horiek guztiek martxoan zehar Bilborocken jotzeko aukera izango dute.

Lehenengo kontzertua martxoaren 9an izango da eta Sofia V (Bizkaia), Ziris (Nafarroa) eta NKO (Bizkaia) arituko dira.

Hurrengo astean, martxoak 16, Lova Lois (Bizkaia), Lemak (Gipuzkoa) eta Hxdesz (Bizkaia) taldeen txanda izango da.

Martxoaren 23an Deñe (Gipuzkoa), Julen (Gipuzkoa) eta Marban (Bizkaia) igoko dira Bilborockeko agertokira.

Lehen fasea martxoaren 30ean amaituko da Ithaka (Gipuzkoa), Calathea (Bizkaia) eta Entropia (Araba) taldeen kontzertuarekin.

Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.

VillaSoundBilbao

VillaSoundBilbao jaialdiaren xedea da 16 eta 30 urte bitarteko musikari gazteen sorkuntza sustatzea eta bultzatzea eta, aldi berean, publikoari proposamen ezberdinak eskaintzea.

Aurtengoa jaialdiaren hirugarren edizioa da eta bertan 78 taldek eta bakarlarik eman dute izena. Finalera iritsi diren 12 taldeetatik 6 Bizkaikoak dira, 4 Gipuzkoakoak, 1 Arabakoa eta beste bat Nafarrokoa. Hamabi talde horiek osatzen dituzten 36 kideetatik 9 emakumeak dira (% 25).

Finalera iritsi diren taldeen artean gehienak gaztelaniaz abesten dute. Euskaraz aritzen direnak % 38 dira eta ingelesez, berriz, %7. Finalera iritsi diren taldeetako kideen batezbesteko adina 23,6 urtekoa da.

Kontzertuen fasearen ostean epaimahaiak 6 talde aukeratuko ditu VSB Mentoring programan parte hartzeko. Aipatu programa maiatza eta iraila bitartean gauzatuko da eta hautatutako taldeen beharretara egokituko da.

Formakuntza-programa osatu ostean, urte amaieran, talde bat aukeratuko da Estatuko lau hiritan jotzeko. Pasa den urtean Alai bakarlariak Madrilen, Bartzelonan, Valentzian eta Sevillan aritzeko aukera izan zuen.