EHUk elikagaien etiketak ulertzeko gida praktikoa argitaratu du

Egunero hainbat erosketa egiten ditugu, baina, ba al dakigu benetan zer erosten dugun? Horixe da hain zuzen ere, UPV/EHUk argitaratu berri duen gidaren izenburua (“Badakigu zer erosten dugun? Elikagaien etiketak ulertzeko gida praktikoa”). Aipatu gidaren xede nagusia da erosten dugun produktua benetan nahi edo kontsumitu nahi dugun hori den ala ez jakiten laguntzea. Gida UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzien Saileko Nutrizio eta Obesitateari buruzko taldeko Leixuri Aguirre, María Arrizabalaga, María del Puy Portillo eta Itziar Eseberri ikertzaileek prestatu dute

Etiketak

Soltean edo ontziratu gabe erosten diren elikagaiak izan ezik, beste guztiak etiketarekin datoz. Kontsumitzailearentzako informazioari buruzko Europako arauak araututako informazioa jasotzen da etiketetan eta, sarritan, informazio hori ez da ulertzen erraza. Horregatik, etiketetan nahitaez agertu behar duen informazioari buruzko oinarrizko ideiak jasotzen dira gida honetan; adibidez, iraungitze data eta “kontsumo data lehenetsia” desberdintzen lagunduko duena, edota “osagaien zerrendako” osagaiak nola jasota dauden ongi interpretatzeak zenbateko garrantzia duen azaltzen duena. Bestalde, modu erraz eta praktiko batean azalduta daude ekoizleek, aukeran, batzuetan beren produktuetan eransten dituzten nutrizio eta osasunari buruzko adierazpenen esanahia eta erregulazioa. Arlo horretako legedia ulertzen zaila gerta daitekeenez, gida honen bidez hori erraztea da helburua, azalpen eta adibide praktikoekin, aurrerantzean gure beharrekin eta itxaropenekin ondoen datozen produktuak aukeratu ditzagun.

Horrez gain, zenbait produkturen adibideak ematen dira, non elikagaien industriak erabiltzen dituen estrategiak edo “amuak” kontsumitzailea nahas dezaketen haiek aukeratzeko orduan. Benetan produktu hori da behar duguna edo kontsumitu nahi duguna? Guztiz ongi dakigu zer aukeratzen dugun?

Azkenik, esan behar dugu gida hau populazioarentzat oro har dela. Halaber, osasun zientziekin lotutako graduetako ikasleek ere informazio garrantzitsua jaso ahalko dute euren prestakuntzarako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.