Alboan Gazte Sarea: Mundua eraldatu nahi duten gazteentzat parte-hartze gunea

Gaur egun bizitzen ari garen garai zail honetan, izurriteak gure arteko distantzia fisikoa mantentzera bultzatzen gaituena, Alboanek gazte taldeoi gizarte-urruntze hori gainditzeko parte-hartze gune  interesgarri bat eskaintzen dizue zuen artean elkartzeko, kezka eta ametsei buruz hitz egiteko, munduaren errealitateari buruz hausnartzeko, eta batez ere, gure orainaldi zein etorkizunean eragin ahal izateko mundu duinago baten alde: Alboan Gazte Sarea. 

Giza eraldaketarekin konpromisoa daukaten gazte talde ezberdinez osatutako sarea da. Urtean zehar espazio formatibo ezberdinak eskeintzen ditu, eta urtean behin topaketa bat antolatzen du, elkartasun esperientziak komunean jartzeko. Gainera talde bakoitzak formakuntzak jasotzen ditu eta ekintza eraginkorrak burutzeko tresnak lantzen ditu, gai ezberdinen inguruan mobilizatzera animatzen dituztenak. 

Helburuak

  • Gazte taldeek euren giza eraldaketarako antzeko interesak dituzten beste gazte talde batzuekin saretzea .
  • Izaera kritikoa sustatzea gazteen artean, mundu globalaren errealitatea eurengana hurbilduz, problematika lokalekin lotura eginez.
  • Gazteei trebatze espazio bat eskaintzea, eta parte-hartzerako eta gizarte mobilizaziorako tresnak eskura jartzea.
  • Mobilizazio eta intzidentzia ekintzak abian jartzea.

Zergatik?

  • Uste dugulako beharrezkoa dela giza eraldaketarekin konprometituta dauden gazte taldeentzat errealitatearen analisirako eta hausnarketarako gune bat eskaintzea.
  • Sareen sorkuntzak taldeak indartzen dituelako, eta tokian tokiko errealitateak problematika globalekin lotzen laguntzen dutelako.
  • Ekintza txikien baturak bizi garen mundua aldatzeko aukera ematen digulako, pertsona guztientzat duinagoa izan dadin.

20-21 ikasturtean zehar Gazte Sarea bizirik mantendu da, pandemia gorabehera, eta aurten ere beste errealitate batzuetatik etorritako gazteekin bat egin dugu topaketa ezberdinetan. Azkenekoa urrian burutu genuen, eta landutako gaia giza-migrazioak izan ziren. Bertan  harrera esperientzia trukaketa burutu genuen Errefuxiatuentzat Jesuiten Zerbitzuaren lurralde ezberdinetako gazteen (Ekuador, Kolonbia eta Venezuela) eta gure inguruko gazteen artean.

Jarraian, topaketa horretan bizitakoaren gazteen testigantzak uzten dizkizuegu: 

Alex Leonardo H. Gazte Sareko begiralea (Donostia): 

“Gune benetan aberasgarria izan zen. Topaketa egokitu egin zen, hala Euskadiko nola Latinoamerikako esperientziak entzuteko aukera izan genezan. Askotariko esperientzien errealitateak, eta guztietan mundu justuago eta errukitsuago baten alde egiten da apustu, garrantzitsuena “pertsonak” izanik. Eta gure abegia eta harrera guztientzat izan dadin, desberdintasunik egin gabe.

Esperientzia bakoitzak era askotako proposamenak lantzen ditu, baina gizartearen gaineko eragina ikaragarria da benetan. Gazte zein helduz osatutako gune hori lagungarria baita ideia hau indartu eta berresteko: guztiok garrantzitsuak garela maitasunaren zibilizazioa eraikitzeko, elkarrekin indartsuagoak garela”. 

Bestalde, JRS taldeko kideek (Kolonbia, Venezuela, Ekuador) hau azaldu ziguten: 

“Trukerako esperientziari esker, gureaz bestelakoak diren errealitateetara irekitzeko prozesu bat egin dugu. Migrazio prozesu batzuk ezagutu ditugu, Latinoamerikan ezagutzen direnen aldean desberdinak direnak, baina berdin-berdin kalteberatasun egoerak sortzen dituztenak. Gazte Sareko gazteekin truke esperientzia egin aurretik, uste genuen Latinoamerikako esperientziak izango zirela bortitzenak. Hala ere, bi errealitateen artean zenbait lotura kokatu ditugu, azkenean argi uzten dutenak zaurgarria dela migratzea eta harrera lekuetan atzerritarra izatea.

Gainera, esperientzia honek begirada zabaltzeko eta harrera, bake eta integrazio guneak sortzeko aukera ematen du. Izan ere, eguneroko jardunetik abiatuta, ikusi dugu giza mugikortasuneko egoeran dauden gazteenei laguntzeko sare sozialak ehundu ahal izan direla.

Bestalde, azpimarratu nahi dugu zer-nolako indarra dakarten errealitateak sustatzen eta eraldatzen dituzten talde sozialak, bidea urratuz harrera egiteko aukerak zabaltzen dituztenak. Nabarmendu nahi ditugu, orobat, harrera sareak eta erakunde sozialen eta gizarte zibilaren arteko lotura, konfiantza eta laguntza emozional zein materialerako espazio bihurtzen baitira harreran laguntzen duten pertsonentzat. Ildo horretan, ikusi dugu garrantzitsua dela mugak zeharkatzea, baita gure eguneroko errealitate, kokagune eta lanetatik, gazte garen aldetik, ohartu eta ohartarazi behar baitugu ezinbestekoa dela bestelako etorkizun bat eraikitzea: desberdina, baina, batez ere, justuagoa eta inklusiboagoa”.

Anima zaitezte Alboan Gazte Sarearekin bat egitera, eta parte hartu gure mobilizazio proposamentan! Sare sozialetan aurkituko gaituzue! 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.