EHUko graduatuen laneratze tasa % 87koa da

Lanbideren ‘Laneratzeari buruzko azterlana’ txostenak jasotako datuen arabera, graduatu eta hiru urtetara ikasketei lotutako enpleguaren batezbestekoa % 84 da

2021. urtean, 2018an UPV/EHUn graduatu ziren ikasleen % 87 lanean zen. Urte horretan graduatu ziren ikasleen % 84 egindako ikasketekin zuzeneko harremana duen enplegua batean zegoen (enplegu-ahokatua). Datuak Lanbidek argitaratu duen ‘Laneratzeari buruzko azterlana’ txostenetik ateratakoak dira. Txostena egiteko unibertsitate publikoan graduatutako 4.464 ikasle inkestatu ditu.

2018ko promozioa

2018ko promozioaren kasuan, okupazio tasa, hau da, lan ordaindua duten pertsonen ehunekoa pertsona aktibo guztiekiko, % 87koa da. lan egiten duten horiei lana bilatzen ari diren pertsonen ehunekoa gehitzen bazaie (jarduera tasa), kopurua % 92raino igotzen da. Pertsona guztiekiko lan ordaindua duten edo jarduera profesional independentea duten pertsonak aintzat hartzen badira (enplegu tasa), kopurua % 80koa da. Azkenik, langabezia tasa (lana bilatzen ari diren pertsonen ehunekoa pertsona aktibo guztiekiko) % 13koa litzateke.

Aipatu kopuru horiek guztiak oso antzekoak dira gizon eta emakumeen artean. Baina soldatetan bai aldeak daude, emakumeenak arinki baxuagoak izaten jarraitzen dutelarik. Adibidez, 1.600 euroko batez besteko soldata batean, emakumeena 1.588 eurokoa izango litzateke.

Enplegagarritasun handiko ikasketak

Txostenak oso datu interesgarri bat utzi du. Izan ere, 20 titulazio inguruk % 100eko okupazio tasa dute: Medikuntza, Odontologia, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektronikoa, Ingeniaritza Elektrikoa, Industria Antolakuntzaren Ingeniaritza, Farmazia, Erizaintza, Biokimika eta Biologia Molekularra, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Ingeles Filologia, Elikagaien Teknologia eta Giza Nutrizioa eta Dietetika.

Jakintza arloen arabera, soldatak honako hauek lirateke: Osasun Zientziak (1.891 euro), Zientzia Teknikoak (1.631), Gizarte Zientziak (1.518), Ekonomia eta Lege Zientziak (1.460 euro), Giza Zientziak (1.443 euro) eta Zientzia Esperimentalak (1.413 euro).

Enplegu-ahokatua

Lanbideren txostenaren arabera enplegu-ahokatua, hots, ikasketei lotutako enplegu tasa, % 84koa da. Lan batean hasteko batez besteko denbora bost hilabetekoa da, lana bilatzeari ekiten zaionetik hasita.

Lan egoerari dagokionez, % 72,92k besteren kontura egiten du lan; % 3,81ek norberaren kontura eta  % 7,82k ikasten jarraitzen du. Gainerakoen artean (% 15,45) daude doktorego aurreko eta ondoko kontratuak dituztenak, langabezian daudenak, ezintasunen bat dutenak, kooperatibetako bazkideak eta abar.

Lanaldi partzialari dagokionez, gizonezkoen % 17k du aukeratuta lanaldi mota hori, eta emakumeen % 25ek. Bestalde, aztertu den promozioko pertsonen % 78 Euskadin bizi da eta bertan egiten du lan, eta bakarrik % 2k egiten du lan atzerrian.