
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Nafarroako Gazteriaren Institutuak aurkeztu berri duen “Gazteak eta harreman afektibo-sexualak” izeneko ikerketaren arabera, Nafarroako gazteen % 96,1ek adostasuna funtsezkotzat jotzen du harreman sexualetan abusuak eta indarkeriak prebenitzeko. Ikerketa honen helburu nagusia ezagutza sortzea da, heziketa-esku hartzeak eta politika publikoak diseinatzeko, beti ere errespetuan, berdintasunean eta adostasunean oinarritutako harreman osasuntsuak sustatzeko.
Ikerketaren aurkezpenean, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilari Begoña Alfarok Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Txema Burgaletak parte hartu dute.Alfarok azpimarratu duenez, “gazteen eskaerak entzun eta aztertu ondoren, jarduteko eta gaur egun lanean ari den ildoan jarraitzeko garaia da, norabide egokian goazelako”.
Ikerketaren ondorio nagusiak
Ikerketa burutzeko, 16 eta 30 urte bitarteko 602 gazteri elkarrizketak egin zaizkie, % 51,2 gizonak eta % 48,8 emakumeak. Emaitzek erakusten dutenez, adostasunaren kulturari buruzko ezagutza-maila altua da: % 91,4k esan du “ezin hobeto” dakiela zer den adostasuna harreman intimoetan, eta % 96,1 “erabat ados” dago sexu-baimena ulertzeak eta errespetatzeak abusuak eta indarkeriak prebenitzen lagun dezakeela esatean.
Bestalde, ikerketan agerian geratzen da pornografia kontsumitzea nahiko normalizatuta dagoela nafar gazteen artean. Lau gaztetik batek gutxienez hilabetean behin kontsumitzen du pornografia. Hala ere, gazte gehienek (% 65) uste dute pornografian emakumeen irudikapena iraingarria dela, nahiz eta soilik % 36,7k uste duen pornografia mota berri bat proposatu beharko litzatekeela, harremanen irudi berdintasunezkoagoa eta etikoagoa sustatzeko.
Sexu-hezkuntzari dagokionez, gazteen % 92,3k dio nolabaiteko heziketa afektibo-sexuala jaso duela, baina ikastetxeetan emandako formakuntza 10etik 5,8 punturekin baloratzen da, eta kritikak jasotzen ditu bai edukien eskasiagatik bai osotasun ezagatik, bereziki emakume eta gazte helduen artean. Azken horientzat lagunak eta familia izan dira sexuaren inguruko informazio-iturri nagusiak.
Kezkarako datuak
Datu kezkagarrienak indarkeria sexualarekin lotuta daude. Nafarroako gazteen % 54,4k dio bizitzan zehar sexu-abusu edo indarkeria motaren bat jasan izan duela. Intzidentzia handiagoa da 21 eta 25 urte bitarteko gazteen artean (% 61,1), eta nabarmen handiagoa emakume gazteen artean (% 70,4) gizonen aldean. Gaua eta aisialdiko guneak dira gazteek indarkeria gehien jasan duten espazioak.
Azkenik, Nafarroako gazteria, gehiengoan, ados dago bikotekidearekin komunikazioa funtsezkoa dela sexuari dagokionez, bai harreman osasuntsua mantentzeko (% 94,7k horrela uste du), bai sexu-harremanetan erabiliko diren metodo antikontzeptiboak elkarrekin erabakitzeko (% 95,3k funtsezkotzat jotzen du). Ildo beretik, sexu-transmisiozko infekzioei buruzko kontzientziazio maila altua da; gazteen % 83,3k uste du funtsezkoa dela aldian behin STI probak egitea, eta % 72,5ek argi adierazten du ez duela sexu-harremanik izaten metodo antikontzeptiborik erabilgarri ez duenean.
Ikerketa honek argi uzten du aurrerapausoak eman direla gazteen artean harreman afektibo-sexualei dagokienez, baina oraindik erronkak daudela, bereziki indarkeria sexualaren prebentzioari dagokionez. Nafarroako Gazteriaren Institutuak emaitza hauetan oinarrituta politika berriak diseinatuko ditu gazteen artean harreman osasuntsuagoak, errespetuzkoak eta adostasunean oinarrituak sustatzeko.