Sexua, drogak, alkohola eta baimenik gabeko adostasuna

Gizonen % 37k onartzen du substantzien kontsumoaz baliatu izan dela sexu-harremanak izaten saiatzeko edo norbaitekin “ligatzeko”

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Festa-gau bat, musika ozenki, maitakerietan ibili eta edariak edo drogak. Txortaldi batean amaitu ohi den konbinazioa da. Sarritan, inolako babesik gabe. Zenbait kasutan, ezer gogoratu gabe. Eta uste baino gehiagotan, baimen argirik gabe. 16 eta 29 urte bitarteko gazteen gehiengoak alkoholaren edo drogen kontsumoak sexu-harremanak hobetzen ez dituela uste duten arren, ia % 70ak onartzen du haien eraginpean sexua izan duela. Hala islatzen dute Fad Juventud-ek substantzien kontsumoari eta sexu-harremanetarako buruz egindako bi ikerketek.

Alkohola da horrelako esperientziatan gehien agertzen den substantzia. Lau gaztetik batek ezinbestekotzat jotzen du alkohola gaueko aisialdian eta heren batek sexu-harremanak izan ditu kalamua, kokaina, MDMA edo popper bezalako drogak kontsumitu ostean. Hala ere, inkestatutako gazteen % 47,6k uste du substantzia horien kontsumoak sexu-harremanak okerragotzen dituela, % 24,5ek positiboki baloratzen duen bitartean.



Hau ez da fenomeno puntual bat. Gazteen ia % 20k dio mozkortzeak merezi duela horrek ausartago izateko edo gehiago dibertitzeko aukera ematen badie. Gainera, % 12,4k babesik gabeko sexu-harremanak izateko prestasuna azaltzen du. Hala ere, bostetik bat substantzien eraginpean gertatutakoaz damutu da: gertatu zena ondo ez gogoratzeagatik, presioa sentitzeagatik edo benetan desio ez zuten norbaitekin oheratzeagatik.

Kontsumo gehiago, ondorio gehiago

Sexuaren aurretik substantziak maiz kontsumitzeak arriskuak biderkatzen ditu. Alkohola ez den drogaren bat kontsumitu ohi duten pertsonen heren batek nahi gabeko haurdunaldi bat bizi izan du gutxienez, eta % 30,2 sexu-transmisiozko gaixotasunen batekin kutsatu da hainbat aldiz. Gazteen kasuan, kopuru horiek % 4,6 eta % 4,8ra jaisten dira, hurrenez hurren.

Alkohola kontsumitzen dutenek ere ondorioak jasaten dituzte: % 20,6k nahi gabeko haurdunaldiak izan ditu eta % 18,7k STG bat baino gehiago izan du. Hala ere, gazteen % 73,8k ez du infekzio-arrisku nabarmenik hauteman eta % 67,9k uste du beren harremanetan ez dagoela haurdunaldi-arriskurik. Errealitatearekin bat egiten ez duen pertzepzioa.

Adostasuna, marra lausoa

Gazteen % 66k substantziak kontsumitu duen norbaitekin sexurik izango ez lukeela dioen arren, errealitatea guztiz ezberdina da. Gizonen % 37k onartu du egoera horiek baliatu izan dituela sexu-harremanak izaten saiatzeko edo norbaitekin “ligatzeko”. Nesken artean, ehuneko hori % 22ra jaisten da.

Fad Juventud-ek ohartarazten duenez, “diskurtsoaren eta praktikaren arteko tentsioa” dago adostasunaren inguruan hitz egiten denean eta substantziak tartean badira. Emakumeek izan daitezkeen abusuen edo muga urraketen inguruko kezka azaltzen dute. Gizonentzat, aldiz, adostasuna proba- eta errore-prozesu bat da, oso gutxitan ondorioak izan ohi dituena.



Adostasuna askotan erabaki puntual gisa hautematen da –sexua izan nahi den ala ez erabakitzea–, baina ez da kontuan hartzen etengabe berritu behar den zerbait dela. Gainera, alkoholak edo drogek zailtzen dute deserosotasun seinaleak hautematen edo nahi ez diren egoerei amaiera ematen. Neskek, bereziki, mugak jartzeko erantzukizuna bere aldean dagoela sentitzen dute, nahiz eta, hainbat kasutan, horretarako baldintzarik onenetan ez egon.

Gazteen % 84,4k beren sexu-bizitzarekin pozik dagoela adierazten duen arren, erdiak ez ditu haurdunaldiak saihesteko metodoak modu sistematikoan erabiltzen. Arrazoi nagusiak gozamen gehiago bilatzea (% 32,7) edo bikotekidearenganako konfiantza izatea (% 32,5) dira.