Emakumeek gero eta gehiago jokatzen dute bideojokoetan

Jokalari gehienak gizonak izan arren, gamer emakumeen kopurua nabarmen igo da. Era berean, salatu behar da emakume askok eremu horretan jazarpena jasaten dutela, emakume izate hutsagatik.

Bideojokoen Espainiako Elkartearen (AEVI) kalkuluen arabera, 2020an Espainian bideojokoetan jokatzen zuten pertsonen % 45,9 emakumeak ziren. Ildo berean, Nerabezaroari eta Gazteriari buruzko Reina Sofía Zentroak berriki egin duen azterlan baten arabera, 15 eta29 urte bitarteko emakume gazteen % 78,4k bideojokoetan jokatzen du.

Azken urteetan nabarmen hazi da bideojokoetan jokatzen duten emakume gazteen kopurua. Duela 20 urte, adibidez, kopuru hori % 43,4koa zen, hots, erdia baino zertxobait gehiago.

Gizonen kasuan, berriz, 15 eta 29 urte bitarteko ia gazte guztiek bideojokoetan jokatzen dute (% 95,4). Mutilek ere denbora gehiago ematen dute bideokontsolaren aurrean: egunero, batez beste, 4,6 ordu. Kopuru hori neskek, batez beste, ematen dutena baino ia ordubete gehiago da (3,5 ordu). Mutilek ere bideojokoetan diru gehiago gastatzeko joera dute.

Menpekotasuna?

Datuek erakusten dute, zalantzarik gabe, gizonek askoz harreman estuagoa dutela bideojokoekin. Hain zuzen ere, ia erdiek (% 45) adierazi dute bideojokoak direla bere dibertsio-iturri nagusia; emakumeen artean, berriz, %24,3k bat egiten du baieztapen horrekin.

Bideo-jokoak interakzio sozialeko gune garrantzitsu bihurtu dira, batez ere gizonentzat. Mutilen erdiak adierazi du bideojokoak jendea ezagutzeko eta lagunak egiteko bide bat direla; emakumeen artean, berriz, hirutik bakarrak egiten du horrelako adierazpena.

Bideojokoekiko gizonek duten joera edo afinitate handiena ez da kasualitatea, egoera horren atzean hainbat faktore daude. Adibidez, ingurune bideoludikoak berak giro desegokia sortu du emakumeak eroso sentitzeko eta, nolabait, baztertzeko. Bideojokoak eta haien ingurunea erabat maskulinizatuta daude oraindik, eta generoaren araberako esperientzia desberdinak sortzen dituzte, baita emakumeentzako aurkako jolasguneak ere.

Matxismoa bidejokoetan

Zenbait daturen arabera, emakume gazteen % 54,1ek uste du bideojokoetan eduki sexista ugari daudela. Ildo berean, emakume gazteen % 47,9k uste du bideojoko gehienak mutilentzat pentsatuta daudela. Izan ere, AEVIren txostenean azpimarratzen denez, bideojokoetan aritzen diren mutilen %41ek dio ‘bideojokoak ni bezalako pertsonentzat diseinatuta daude’. Emakumeen kasuan baieztapen horrekin bat egiten dutenen kopurua % 27koa besterik ez da.

Hori gertatzeko arrazoi nagusietako bat da bideojokoen sektoreko okupazio-bereizketaren maila; izan ere, gaur egun, emakumeak sektoreko profesionalen % 23 baino ez dira Espainian. Edukiari dagokionez, azken urteotako bideojokoetako pertsonaien %27,7 bakarrik dira emakumezkoak, eta jokoen %31,7an pertsonaia maskulinoak bakarrik azaltzen dira.

Gainera, zenbait gune digitaletan emakumeen aurkako jazarpena ere ematen da. 2020. urtean Newzook egin zuen ikerketa baten arabera, gamer-en % 95ek online jokoetan esperientzia “oro har positiboak” izan bazituen ere, 10etatik 7k jazarpen larriren bat jasan zuen, eta nabarmentzekoa da emakumeen % 40k adierazi zuela bere generoagatik jazarpena jasan behar  izan zuela. Jazarpen horien ondorioz, jokalarien ia heren batek (% 28) bideojokoak aldi baterako utzi zituen eta % 22k betirako utzi ditu.

Jazarpena edo irainak izateko modua desberdina da gizonen eta emakumeen artean. Horren ondorioz, emakumeek utzi ohi dituzte online jolasgune jakin batzuk, eta ez jokatu nahi ez dutelako, baizik eta emakume izateagatik irainak jasatea zaila delako.