Hirietan zuhaitzak landatzeak heriotza-tasa murriztu dezake

Zuhaitz zaharrenek hilkortasun-tasaren igoeran eragina duten aldagai batzuen ondorioak murrizten laguntzen dute

Aski ezaguna da zuhaitzek gure planetan duten garrantzia. Hainbat espezierentzako habitata dira, berotze globalaren ondorioak arintzen dituzte, oxigenoa eta itzala ematen digute, lurra higaduratik babesten dute eta uraren zikloan parte hartzen dute. Baina hori guztia gutxi balitz, berriki egindako azterlan batek erakutsi duenez, landatutako zuhaitz bakoitzak zuzeneko harremana du istripuz gertatzen ez diren heriotzekin eta heriotza kardiobaskularraren murrizketa nabarmenarekin (% 20 eta % 6, hurrenez hurren, zuhaitzak 15 urtetik 30 urtera landatu badira). Aipatu ikerketa Bartzelonako Osasun Orokorreko Institutuak eta USDAko Baso Zerbitzuak zuzendu dute. Ikerketa burutzeko AEBko Oregon estatuan 1990. urtetik 2019. urtera bitartean egin zen esperimentu batez baliatu dira. Garai horretan, Portland hiriko kaleetan 49.246 zuhaitz landatu ziren eta erregistro bat osatu zen zuhaitz bakoitza noiz eta non landatu zen zehaztuz.

Ikerketa taldeak, erregistro horretaz baliatuz, eremu zehatz batean duela, 5, 10 eta 15 urte landatutako zuhaitzen kopurua aztertu du. Informazio hori eremu berean izan diren heriotzen datuekin gurutzatu du. Azterlanerako, arrazoi kardiobaskularrek, arnasketa-arrazoiek eta istripuekin harremanik ez duten heriotzak bakarrik hartu dira kontuan.

Emaitzek erakutsi dutenez, zuhaitz gehiago landatu diren auzoetan heriotza-tasa (100.000 pertsonako heriotzen kopurua) txikiagoa da. Harreman hori are esanguratsuagoa da gizonen kasuan eta 65 urtetik gorako pertsonen kasuan.

Gainera, zuhaitzen adinak gora egin ahala heriotza-tasak behera egiten duela ikusi da. Adibidez, duela 11-15 urte landatutako zuhaitzak diren auzoetan erregistratutako heriotza-tasaren beherakada duela 1-5 urte landatutako auzoetakoaren bikoitza izan da. Hortaz, dirudienez, zuhaitz zaharrenek zuzeneko harremana dute heriotza-tasaren beherakada handienekin eta, beraz, zuhaitz zaharrenak zaintzea bereziki garrantzitsua izan daiteke osasun publikorako.

Izan ere, zuhaitz handienak (urte gehiago dituzten horiek) hobeak dira airean den poluzioa xurgatzeko, tenperaturak leuntzeko eta zarata murrizteko. Hiru aldagai horiek zuzeneko harremana dute heriotza-tasaren igoerarekin.