Klima-aldaketak haur eta gazteen aukerak murriztu ditu mundu osoan

Klima-aldaketaren ondorioek zuzenean mehatxatzen dituzte bizirik iraun,
hazi eta aurrera egiteko haur eta gazteen gaitasunak

Klima-aldaketa mundu osoko gazteei zuzenean eragiten dien errealitate gordina da eta bizitzan aurrera egiteko gazteen orotariko aukerak baldintzatzen ditu. 

UNICEFen U-Report tresnaren azken inkestaren arabera, munduan bost gaztetik bik seme-alabak izateko erabakia zalantzan jartzen dute aldaketa klimatikoaren ondorioen eraginez. Afrikako herrialdeetan, datu horiek adierazgarriagoak dira: Ekialde Hurbileko eta Afrikako Iparraldeko gazteen % 44k eta Sahara azpiko Afrikako % 43k seme-alabak izateko erabakia jartzen dute zalantzan. 

Izan ere, Afrikako bi eskualde hauetako gazteak dira klima-asaldura larrienen ondorioak gehien pairatzen dituztenak; besteak beste, adierazi dute bai elikagaiak eta ura lortzeko euren gaitasuna, bai euren familien diru-sarrerak nabarmen murriztu direla.

Ildo beretik, inkesta horrek utzi dizkigun datuak oso kezkagarriak dira. Parte hartu duten bost gaztetik bik elikagaien murrizketaz ohartarazi dute, horien artean, gehienak Sahara azpiko Afrikako gazteak ( % 52) eta Ekialde Hurbileko eta Afrikako Iparraldeko gazteak (% 31) izan dira. Halaber, edateko ura lortzeko zailtasunak dituztela aipatu dutenen artean, % 35a Ekialde Hurbileko eta Afrika Iparraldeko parte-hartzaileak dira eta % 30a, ordea, Ekialdeko Asia eta Pazifikokoak.

Bestalde, klima-aldaketaren ondorioen eraginez, hainbat gaztek euren etxeak utzi eta beste hiri edo herrialde batera migratzeko aukera ikusten dute; zehazki, inkestan parte hartu duten bost gaztetik hiruk adierazi dute aukera hori.

Haatik, haur eta gaztetxoei dagokienez, gaur egungo migrazio-politika gehienek ez dituzte ingurumen eta klima faktoreak kontuan hartzen. Testuinguru honetan, bidean dauden haur eta gazteek izan ditzaketen beharrei modu eraginkorragoan erantzuteko, UNICEFek eta haren aliatuek Klima-aldaketaren testuinguruan haurren migrazio-mugimenduei buruzko printzipio gidariak sortu dituzte, haur eta gazteen eskubideen, babesaren eta arriskuen inguruan informazio zehatza emateko helburuarekin.

Haur eta gazteak dira zaurgarrienak klimaaldaketaren aurrean

Horrenbestez, baieztatuta dago larrialdi klimatikoak haur eta gazteen biziraun, hazi eta aurrera egiteko aukerak zuzenean mehatxatzen dituela. UNICEFen Haurren klima-arriskuaren Indizearen arabera, mundu osoan, 1.000 milioi adingabe – planetan bizi diren 2.200 haur eta gaztetxoen erdia – klimaren eraginez muturreko arriskuan dauden 33 herrialdeetako batean bizi dira, eta egunero, euren osasuna, hezkuntza eta babesa arriskuan jartzen dute. Zerrendako lehen hamar herrialdeak Afrikan daude.

Baieztatuta dago larrialdi klimatikoak haur eta gazteen biziraun, hazi eta aurrera egiteko aukerak zuzenean mehatxatzen dituela.

Ezin ahaztu dezakegu, gainera, haur eta gazteak direla zaurgarrienak klima-aldaketaren ondorioz gehien zabaltzen diren gaixotasunen aurrean;  paludismoa, kolera eta dengearen sukarra, besteak beste. Hartara, klima-aldaketari egotzitako erikortasun-kargaren % 90a bost urte gutxiagoko haurrei dagokie. Azken hiru hamarkadetan, haurren hilkortasun-tasa jaitsi den arren, oraindik ere, bost milioi haur hiltzen dira, urtero, bost urte bete aurretik. Heriotza horien guztien atzean, klima-aldaketaren ondorioak dira faktore eragile nagusiak.

Egoera honetan, haurrak babesteko neurriak hartzeko eskaera egin die UNICEFek munduko gobernuei: besteak beste, uholde eta lehorteei aurre egin diezaieketen ur-, osasun- eta hezkuntza-sistema erresilienteak sortzea eskatu die.

Aurrerapauso gutxi klimari buruzko azken munduko goi-bileran

Halaber, etsigarriak izan dira 2022ko azaroan Egipton ospatutako klimari buruzko munduko goi-bileran eman ziren aurrerapauso eskasak. Planetaren tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatzeko trantsizio energetiko aurrerakoi baten aldeko akordiorik lortu gabe bukatu zen COP27 bilera. Adostasun falta horrek, etorkizunean, mehatxu handiagoak ekarriko dizkie mundu osoko haur eta gazteei.

Estatuek, gainera, ez zuten onartu klima-aldaketaren ondorio latzenak bizi dituzten herrialdeak  laguntzeko finantzaketa klimatikoa. Nahiz eta kalte horiek ordaintzeko fondoa sortu zuten, egiazko justizia klimatikoa lortzeko bidea oztopatzen ari dira eta erabaki hori hainbat umeren heriotza-epaia izan daiteke.

Klima-aldaketak haur eta gazteen bizitza-aukeretan zuzenean eragiten duten hainbat ondorio ditu, horien artean: oinarrizko azpiegituren eta bizirauteko baliabideen hondamena (ur- eta elikagai- horniketa, besteak beste), migrazioak eta gatazkak. Hortaz, Gazteak Klimaren Alde mugimenduaren ordezkariek COP27 bileran aitortu zuten: “Gaur egun, haur eta gazteen eskubideei buruz aritzea, justizia klimatikoa defendatzea dela”. Egin dezagun aurrera elkarrekin, ideia hori errealitate bihurtzeko.