Europak energia lortu nahi du espazioan

Solaris proiektuak sateliteen bidez espazioko eguzki-energia lortzea proposatzen du, ondoren energia hori Lurreko estazioetara bidaltzeko.

Ukrainako gerrak agerian utzi du Europar Batasunak duen energia mendekotasuna. Hori dela eta, Europa beste metodo batzuk aztertzen hasi da mendekotasun hori gutxitzeko, energia jasangarriak prezio lehiakorretan lortzeko eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko.

Europako Espazio Agentziak espazioko eguzki-energia lortzeko aukera aztertzen ari da. Solaris izenarekin ezagutzen den egitasmo horren xedea da 2040rako Europa osoko etxe eta enpresei elektrizitatea prezio lehiakorretan ematea. Gainera, energia iturri horri esker Europak ez luke hirugarrenen mende egon behar elektrizitatea lortzeko.

Europak, urtero, 3.000 TWh inguru elektrizitate kontsumitzen du. Espazioan lortutako energiarekin eskaera horren laurdena eta herena bitartean ase daitekeela uste da. Espazioan lortutako energia sortutako lurreko energiarekin osatu beharko litzateke.

Solaris

Solaris proiektua Lurraren atmosferaren gainean orbitatuko luketen zenbait satelitetan oinarritzen da. Satelite horiek espazioko eguzki-energia jasoko lukete energian bihurtuz. Energia hori Lurrera bidaliko litzateke mikrouhinen bidez. Lurrean diren estazioetako zelula eta antena fotovoltaikoek uhin horiek jaso eta elektrizitatean bihurtuko lituzkete.

Nolanahi ere, proiektua aurrera eramateko badira zenbait erronka teknologiko garrantzitsu. Adibidez, oraindik ez dago garbi bideragarria ote den espazioan, satelite bidez, energia-gigawattak biltzea eta Lurrera modu eraginkor eta seguruan eramatea. Beste arazo bat izango litzateke eguzki-energia hori gauez nola lortu. Espazioan bildutako energia Lurrera bidaltzea ere ez da gauza erraza.

ESAk egin dituen aurreikuspenen arabera, satelite bakar batek zentral nuklear konbentzional batek adina energia eman lezake. Satelite bakar batek milioi bat etxe baino gehiagori eman ahal izango lioke elektrizitatea. Lurrean energia kantitate hori sortzeko, 6 milioi eguzki-panel baino gehiago beharko lirateke.

Oso garestia

Garbi dago horrelako egitasmo bat garatzea oso garestia dela. Espazioko eguzki-energia biltzeko azpiegitura bat osatzeko dozenaka satelite beharko lirateke. Satelite horiek Nazioarteko Espazio Estazioa baino hamar aldiz handiagoak izango lirateke. Estazio hori orbitan jartzeko hamarkada bat behar izan zen. Gaur egun satelite horiek espaziora bidaltzeko plataforma ez da existitzen.

Hortaz, momentuz ez dago batere garbi energia horren kostua bideragarria den ala ez, egun erabiltzen diren bestelako energia iturriak baino askoz garestiagoa delako. Hil honetan bertan ESAk bere egitasmoa aurkeztuko die Europar Batasuneko Estatu kideei. Lehen urratsa egitasmoaren bideragarritasuna aztertzeko ikerlan bat egitea da. Azken erabakia 2025ean hartuko da.